Bilbok eta Bordelek akordioa sinatu dute proiektu berriak garatzeko eta elkarlana areagotzeko

Alain Juppé eta Juan Mari Aburto
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 19 abril 2018 14:04

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Alain Juppé Bordeleko alkateak bi hirien arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, hurbiltasun geografikoaren eta kulturalaren ondorioz, bien arteko elkarlana indartzeko eta proiektu amankomunak egiteko.

Akordio berria bi hiriek 2000. urtean sinatutakoaren jarraipena da. Oraingoan, ordea, elkarren arteko loturak are gehiago sendotu nahi dira, bi alkateek Bordelen joan den urteko irailean izan zuten lan bileran erabaki zuten bezala. Bilera horren ondorioz, bi hirietako talde teknikoek areagotu egin dituzte harremanak azken hilabeteotan, ostegun honetan izenpetu den dokumentua taxutu arte.

Akordioak hiru urteko iraupena du, 2018tik 2021era, eta lau lankidetza esparru nagusi hartuko ditu barne: ekonomiaren garapena; hiri eraberritzea eta hiri iraunkorra; goi mailako irakaskuntza, prestakuntza, hezkuntza eta ikerketa (talentua/enplegua); ikuspegi prospektiboa eta estrategikoa.

Juan Mari Aburtorentzat, "asmoa aurrerapauso sendoa ematea da, etorkizunera begira, gure hiriak kokatzeko eta irmotzeko, Ardatz Atlantikoko garrantzitsuenak izanik, zalantzarik gabeko erakarguneak dira eta". "Ezin dugu ahaztu ekonomiak lotutako bi hiri garela, azken urteotan aldaketa urbanistikoa, ekonomikoa eta digitala gaindituz joan garenak eta hazten eta erreferente izaten jarraitu gura dugunak", gaineratu du.