Bilbok Lurmutur Hiria zoriondu du 2014ko Diseinuaren Munduko Hiriburu izendatu dutelako

Actualizado: miércoles, 26 octubre 2011 14:25

BILBO, 26 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilbok zorionak eman dizkio Lurmutur Hiriari 2014ko Diseinuaren Munduko Hiriburu (WDC 2014) izendatu dutelako. Bizkaiko hiriburua izan da, Cape Town (Hegoafrika) irabazlea eta Dublinekin (Irlanda) batera, WDC 2014 lortzeko norgehiagokan ziharduten hiru finalistetako bat. Hiri hauetan diseinuari lotuta gauzatutako garapen-ereduak munduko diseinuaren hiriburutza lortu nahian zeuden mundu osoko 24 herrialdetako 56 hiriren artean hautatu zituzten.

Albistea Industria-Diseinurako Sozietateen Nazioarteko Kontseiluak (ICSID) zabaldu du gaur, urriaren 26an, Taipein (Taiwan) egiten ari den Diseinuaren Munduko Biltzarraren barruan. Orain arte, Turinek (Italia, 2008), Seulek (Hego Korea, 2010) eta Helsinkik (Finlandia, 2012) eskuratu dute Diseinuaren Munduko Hiriburuaren izendapena. Izendapen honekin, herritarren bizi-kalitatea berpizteko eta hobetzeko asmoz diseinua modu efektibo eta efizientean erabiltzen duten hiriak aintzat hartzen dira nazioarteko eremuan.

Munduko diseinuaren hiriburutza lortu ez bada ere, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Bilboren hautagaitza babestu duten gainerako erakunde publiko eta pribatuekin batera, berezko arrakastatzat jo dute WDC 2014ko hiru hiri finalisten artean kokatu izana.

Gainera, Bilboren WDC 2014rako hautagaitzaren prestakuntzak etorkizuneko jarduera-ardatz nagusiak finkatu eta abian jartzeko aukera erraztu du, Bilbo, Bizkaia eta Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) diseinua eta sormenezko ekonomia nagusi dituen etapa berri batean azkar eta behin betiko sartzeko moduan izan daitezen.