Bilbok "There is a beauty in the city" lankidetzako arte-proiektuan parte hartuko du

Actualizado: martes, 5 abril 2011 14:49

BILBO, 5 Abr. (EUROPA PRESS) -

Erresuma Batuan Anna Francis Arte Ederretako irakasle, artista eta ikerlariaren eta PhotoArteKomit on-line arte galeriaren eskutik sortu den "There is beauty in the city" proiektu globalean lagunduko duen hirietako bat izango da Bilbo. Irabazi asmorik gabeko ekimena da, eta lankidetzako artearen barruan sartzen da, non hainbat pertsonaren ekarpenak artelan bat sortzen duen.

Bilboko Udaletik adierazi dutenez, "There is beauty in the city" ekimenaren emaitza "Bilboren edertasunaren mapa bat izango da". Partaide bakoitzak argazki bat egingo dio, bere sormenaren eta ikuspegi pertsonalarekin, edertasuna aurkitu duen eta Bilboren eraldaketa islatzen duen hiriko txoko bati, eta horrela osatuko da mapa.

Jasotako argazki guztien artean, hiriak bizi duen eraldaketa prozesua ondoen adierazten duten hirurak aukeratuko dira: heriotza, edo hiriak atzean utzi duena; hiri berriaren jaiotza; eta linboa, oraindik ere eraldaketa prozesuan murgilduta dagoen hiria irudikatzen duena.

Hiru argazki horiek eta irudi guztiak bilduko dituen bideoa Rekalde Aretoan egongo dira ikusgai maiatzaren 17tik 22ra. Dena den, jasotako material guztiak bere lekua izango du sare sozialetan, bellezaenbilbao.blogspot.com blogean eta Bilboko Udaleko webgunean, eta Europako hainbat hiritan aurten martxan jarriko den proiektu globalaren barruan egongo da.

Ekimenean parte hartzea oso erraza da. Ezinbestekoa izango da argazkian "There is beauty in the city" testua duen imana agertzea. Ekimenean parte hartu nahi duenak bere imana aurretik erreserbatu beharko du. Imanak larunbatean banatuko dira, Bilboko Kale Nagusian egongo den stand batean, 10:00etatik 14:00etara.

Antolakuntzaren aurreikuspenen arabera, ehun iman inguru banatuko dira, baina eskariak aurreikuspen hori gaindituko balu, partaideei beste seinale mota bat emango litzaieke. Imana jada erreserba daiteke bellezaenbilbao@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.

Partaide bakoitzak, "edertasuna" duen hiriaren leku bat definituko du, edertasun hitzaren esanahi zabalenean eta subjektiboenean, imana jarriko du eta argazki bat aterako dio. Imana aukeratutako lekuan geratu beharko da, jardueraren lekuko eta leku horren edertasunaren adierazle gisa. Argazkiak bidaltzeko epea hiru astekoa izango da -apirilaren 9tik aurrera- eta pertsona bakoitzak argazki bakarra bidali ahal izango du, zein lekutan atera den adieraziz eta zergatiaren aipamen labur bat eginez.

Programa amaitu ondoren, partaideek euren argazkiak hartu dituzten leku guztiak bilduko dira mapa batean. Leku horietan egongo dira argazkilariek utzitako imanak, hiriarekin izandako elkarrekintzaren eta Bilboren edertasunaren mapari egindako ekarpenaren lekuko gisa, hiritarrek erakutsi nahi izan duten bezala.

HELBURUAK

Bilboren edertasunaren kartografia bat lortzeaz gain, ekimen honen bitartez, antolatzaileek eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak hiria hobeto ezagutzea bilatzen dute, bertan eta kanpoan, ezagutarazteko internetek eskaintzen dituen aukerak erabiliko dituen talde lan handiaren bitartez.

Halaber, ekintzak hiriko paisaiak izan dituen aldaketak dokumentatu nahi ditu, biztanleen artean harreman-esperientzia bat garatu nahi du lankidetzan oinarritutako jarduketaren bitartez, batzuen eta besteen kultura eta ezagutzak trukatzea bultzatu nahi du eta argazkigintza arte adierazpen gisa garatzea sustatu nahi du.

"There is beauty in the city" egitasmoa Stoke-on Trent hiri britainiarrean sortu zen, Anna Francis-en ekimenez. Kalera irten zen, argazi kamera batekin eta iman batekin, hiriak zituen gauza eta leku ederrak eta politak argazkietan irudikatzeko asmoz. Handik denbora gutxira, banakako egitasmo hori, proiektuarekin bat egin nahi zuten guztiekin elkarlana bilakatu zen. Ekimenak gero eta interes eta laguntzaile gehiago lortu izan ditu, eta, era naturalean, parte hartu nahi duten pertsona guztiei zabalik dagoen proiektu orokorra bilakatu da.

Anna Francis Arte Ederretako irakasle eta artista da. Gaur egun epe luzeko ikerketa proiektu bat ari da burutzen. Bertan, kultura eta arte-jarduerak hirietan duen eragina aztertzen du, eta eragin hori neurtu ahal izateko metodologia egokienak zehazten ahalegintzen da. PhotoArteKomite argazkigintzan espezializatutako on-line arte galeria da, eta internetek duen gaitasuna erabiltzen du bere artisten lan berezia erakusteko.