Bilboko 9.277 ikaslek hartu dute parte Zinema Euskaraz ekimenean

Actualizado: jueves, 7 enero 2016 12:42

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak Zinema Euskaraz egitasmoarekin jarraituko du aurten ere, hiriko ikastetxeetan "tira handia duen programa" delako. Horrela, 2014-2015 ikasturtean Bilboko 41 ikastetxeko lehen eta bigarren hezkuntzako 9.277 ikaslek hartu zuten parte. Emanaldiak Karmen aretoan eta Golem zinem aretoetan izan ziren.

   Antolatzaileek prentsa ohar bidez azaldu dutenez, Zinema Euskaraz ekimenak helburu didaktikoa du, eta film bakoitzaren ostean, gaia jorratzen da ikasleen artean, helburu jakin batzuk lortzeko.

   Lehen Hezkuntzako (6-12 urte) 7.521 ikaslek hartu zuten parte joan den ikasturtean, eta film hauek eman zitzaizkien: "Ernest & Celestine", "Tormeseko Itsumutila", "Maya erlea", "Tarzan", "Lotte", "Polleke", "Txori Urdin", "Lepel", "Pim & Pom" eta "Robotak". Hainbesteko arrakasta izan zuten filmok, ezen egutegia zabaldu behar izan zen, ikastetxeen eskariei erantzun ahal izateko.

   Bigarren hezkuntzan (12-16 urte) 1.756 ikasle izan ziren parte hartu zutenak. Zinema emanaldi horien helburua gaztetxoen egunean eguneko errealitatea aztertzea da, gogoeta eginez, erantzukizuna eta iritzi kritikoa landuta eta, batik bat, bizitzan agertuko zaizkien arazoei eta egoerei aurre egitea.

   Hauek dira adin tarte horretako ikasleek ikusi zituzten filmak: "Diamante beltzak", "Enderren jokoa", "Gazte harrigarria T.T. Spivet" eta "Kontiki". Gainera, berdintasuna jorratzeko bost film labur ere eskaini zitzaizkien: "Majorité opprime", "Recursos humanos", "Love is all you need", "Sirenito" eta "Vestido Nuevo".

   2015-2016 ikasturterako Bilboko 33 ikastetxek eman dute izena dagoeneko, eta emanaldiak Golem zinema aretoetan izango dira maiatzera arte. Zinema Euskaraz programa 1991n jarri zen abian eta, harrezkero, Bilboko 180.000tik gora ikaslek hartu dute parte.