Bilboko Alde Zaharreko metro geltokiko igogailuek Begoñakoaren ordezko zerbitzua emango dute

Begoñako igogailua ez ixteko ekintza ugari egin ziren
Foto: Europa Press
Actualizado: martes, 16 septiembre 2014 10:24
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak baimena eman dio Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Metro Bilbaori Begoñako igogailuen ordezko zerbitzua aldi baterako eskaintzeko, Bilboko Alde Zaharreko metro geltokiko igogailuen bidez. Garraioko sailburuorde Antonio Aizek zehaztu du zerbitzu hori Metro Bilbaoren igogailuen bidez eskainiko dela "gaurtik aurrera".

   "Gaur arte, Alde Zaharreko metro geltokia eta Begoñako Mallona ingurua lotzen dituzten igogailuak bakarrik Metro Bilbaoren erabiltzaileek baliatzeko ziren, baina orain, ordea, Mallonaren eta Alde Zaharraren arteko mugikortasuna errazteko erabili ahalko dira", azaldu du.

   Metro Bilbaok zerbitzu hori eskainiko du behar besteko jarraikortasunarekin eta emandako baimenean zein xedapen aplikagarrietan ezarritako baldintzak betez. Ordutegia Metro Bilbao zerbitzuaren berdina izango da.

   Horrela, Mallonarako joan-etorria egiteko, Metro Bilbaon onartutako bidaia txartel guztiak onartuko dira, metro bidaiaren zati bat igogailuan egiten baita. Gainera, esklusiboki igogailua erabiltzeko bi bidaia txartel sortu dira: bidaia bakarreko txartela eta hamar bidaiakoa. Txartelak saltzeko makina automatikoetan egongo dira eskuragai, eta balioztatzea beharrezkoa izango da igogailuaren eta beheko sarbidearen arteko baliozkotze lerroa gainditzeko.

   Esklusiboki igogailua erabiltzeko txartelen tarifa aplikagarriak honako hauek izango dira: bidaia batek 0,45 euro balioko du, eta hamarreko bonuak, berriz, 3,50 euro.

   Ordezko zerbitzua aldi baterako eskainiko da, harik eta Begoñako igogailuen emakida kontratua baliogabetzeko espedientea ebatzi, emakidako ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazio orokorrari itzuli eta igogailu zerbitzu berria ezartzen den arte, indarreko legediaren arabera.

   1943ko abenduaren 30ean, Bizkaiko Herri Lanen Buruzagitzak Ascensores de Solocoeche, S.A. enpresari baimena eman zion "zerbitzu publikoko bi igogailu elektriko eraiki eta ustiatzeko; igogailuak Bilboko Esperantza kaleko 6 zenbakiaren paretik bertikalki igoko dira dorre baten bidez Mallonako hilerri zaharraren ate nagusiraino, 50 metroko altuera gaindituz". 1944ko urtarrilaren 19ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialak argitaratu zuen aipatutako ebazpena, eta 1953an emakidaren titulartasuna eskualdatu zen, Ascensores a Begoña, S.A. enpresaren esku geratuz.

ITXIERA

   Zegozkion ikuskaritza txostenak eginda, Eusko Jaurlaritzak egiaztatu zuen emakidadunak zerbitzua eten eta instalazioak itxi zituela joan den uztailaren 9an. Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Zerbitzu zuzendariak etete espedientea abiarazteko ebazpen bat eman zuen uztailaren 22an, Begoñarako igogailuaren emakidadunak emakida bera bertan behera utzi eta, ondorioz, emakida kontratua ez betetzeagatik, Ascensores a Begoña, S.A. enpresak aldebakarreko zerbitzu etena erabaki eta instalazioak itxi zituelako.

   Metro Bilbaoko Alde Zaharreko geltokia eta Begoñako Mallona ingurua lotzen dituen eta bakarrik garraio zerbitzua erabiltzeko baliozko txartela duten metroaren bidaiariek erabili ditzaketen bi igogailu paralelo dituela jakinda, Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BPG) eskatu zion, abenduaren 30eko 44/1975 legean ezarritakoaren arabera, Bilboko hiri barneko tren zerbitzua ustiatzeko erakunde eskumenduna den aldetik, "Bilboko metroaren 1. linearen Alde Zaharreko geltokiko igogailua aldi baterako erabilgarri jartzea orain arte Begoñako igogailuen emakidadunak eskainitako zerbitzuaren ordezkoa eskaintzeko, aipatutako erakundearen zehaztapenen arabera", Antonio Aizek azaldu duenez.

   Horrela, Metro Bilbaok joan den irailaren 11n jakinarazi zizkion Eusko Jaurlaritzari aipatutako zehaztapenak, alegia, erabiliko den igogailuaren deskribapena, ordutegiak, bidaia txartel erabilgarriak eta balidatzeko arauak eta aseguru eta tarifa aplikagarrien gaineko alderdiak.

   Ascensores a Begoña, S.A. enpresak zerbitzua eteteko eta instalazioa ixteko aldebakarreko erabakia hartuta, igogailuaren erabiltzaileak zerbitzua erabili ezinik geratu ziren, eta hala, erabiltzaile horien mugikortasuna bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak "bidezko" ikusi du ordezko zerbitzua aldi baterako gaitzea.