Bilboko Arkeologia Museoak gaur hasiko ditu "Iragana ezagutu" jardunaldiak

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 21 mayo 2013 12:25

BILBO 21 May. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait hitzaldi antolatu ditu Bilboko Arkeologia Museoan "Iragana ezagutu" jardunaldien barruan, eta lehenengoa gaur izango da. Bertan, Diego Garatek eta Joseba Riosek Bizkaiko Aldundiko Kultura Sailak babestutako "Arte parietal y ocupación humana durante la Prehistoria. La cueva de Askondo en Mañaria, Bizkaia" ikerketan atera dituzten ondorioak eta gure arbasoen adierazpen artistikoen gaineko azken aurkikuntzak azalduko dituzte.

Halaber, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, asteazkenean, maiatzaren 22an, Paquita Sáenz de Urturiren "La formación histórica de Valdegobia en Álava: De la Edad de Hierro a la Edad Media" hitzaldia izango da. Lastrako kastroetan urteetan eginiko indusketak izango dira hitzaldiaren oinarriak.

Maiatzaren 28an, "Para la historia de los castillos medievales de Navarra. Algunas aportaciones desde la arqueología" ikerketaren ondorioak azalduko ditu Mikel Ramos Aguirrek. Ikuspuntu kritikoa erabiliko du horretarako, datu arkeologikoetan oinarrituta, gai horren inguruan egun asmatzen diren birsortzeetatik urrun.

Alberto Santanak emango du maiatzeko azken hitzaldia, hilaren 29an, baserrien arkeologiari buruzko ikerketa azaltzeko. Ekainean, berriz, Alvaro Arrizabalaga izango da, 4an, "En la ruta del poblamiento humano de la Península Ibérica: Lezetxiki y Labeko Koba, en Arrasate, Gipuzkoa" izeneko ikerketen emaitza ezagutarazteko, eta azken hitzaldia, ekainaren 5ean izango da, Jöelle Darricau eta Aude Labargeren "Las Cuevas de Isturitz en Arberua, Behe Nafarroa). Un santuario prehistórico y un espacio cultural para visitar" mintzaldiarekin.

Doako hitzaldiak dira guztiak, eta arrratsaldeko 19:30ean hasiko dira, Bizkaiko Arkeologia Museoaren Mallona aretoan.

Contenido patrocinado