Bilboko Aste Nagusiko kartela hautatzeko lehiaketara lanak aurkezteko epea ekainaren 22ra arte irekita dago

Publicado: sábado, 26 mayo 2018 11:45

BILBO, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko 2018ko Aste Nagusia abuztuaren 18tik 26ra bitartean ospatuko da aurten eta 40 urte beteko ditu. Bada, Bilboko Udalak ireki du epea jaien berri ematen duen kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartzeko, eta deialdia ekainaren 22ko 13.00ak arte irekita egongo da. Lanak Jai Sailaren bulegoetan aurkeztu beharko dira, Aznar eraikineko 5. solairuan.

Lehiaketan parte hartzeko behar besteko informazioa udal webgunean eskuragarri dago: www.bilbao.eus. Aurkeztu beharreko lanak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izango dira. Kartelean agertu beharreko testua ondorengo izango da: "Bilbao 2018. Aste Nagusia, Abuztuak 18-26 Agosto". Gaia librea da.

Berrikuntza gisa, Bilboko Udalak lehiaketaren oinarriak berritu ditu, "tradiziozko rolak edo estereotipoak orekaz irudikatzeko eta sexu, adin, kultur edo sexu aukerari atxikitako edozein tratamendu gutxiesgarri saihesteko". Bilboko Udalak gogoratu denez, "Aste Nagusiko kartelak hirian duen presentzia handia eta nazioartean lortuz doan oihartzun gero eta zabalagoaren harira, ezinbestekoa da hiriaren balioak eta Aste Nagusiarenak kartelaren irudian agertzea".

Jaietako irudi nagusia aukeratzeko Bilboko Jai Batzordeak eta bilbotar guztiek parte har dezaten, lehiaketak sistema mistoa izango du kartel irabazlea erabakitzeko. Kartela erabakitzeko hiru bide egongo dira: bozketa presentziala (%33), udal webgunearen eta hedabide laguntzaileenen bidez egindako herritarren bozketa (%33) eta diseinu arloko bost pertsonak, Bilboko Konpartsen ordezkari batek eta udalbatzarreko hiru kidek osatuko duten epaimahaia (%33). Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta kartela 2018ko Aste Nagusiko irudi bilakatuko da.