Bilboko Berreginen Museoa itxita egongo da astelehenetan eta sarrera dohainik izango da ostegunetan

Museoaren fatxada
Foto: BILBOKO BERREGINEN MUSEOA
Actualizado: martes, 4 febrero 2014 17:27

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Berreginen Museoak aldatu egin ditu jendearentzako irekiera ordutegiak, eta horrela, 10:00etatik 13:30era egongo da zabalik goizez, eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez. Igandeetako bisita ordutegiak 10:00etatik 14:00etara izaten jarraituko du, astelehenetan itxita egongo da, asteko atsedenaldia egiteko, eta ostegunetan sarrera doakoa izango da.

   Museoko arduradunen arabera, Berreginen Museorako eta Euskal Museorako martxan jarritako kudeaketa proiektu bateratuari erantzuten dio ordutegiaren aldaketak, bi museoetako baliabideak hobetzeko eta erakunde bakoitzaren proiektuei egonkortasuna emateko.

   Une honetan, Bilboko Berreginen Museoak aldi baterako "Vía Renacimiento/Florentzia. Eskultura" erakusketa du ikusgai. Arte europarrak izan duen unerik emankorrenetako batean murgiltzen da erakusketa: Florentziako Errenazimendua. XV. eta XVI. mendeetako Florentziako eskulturagile handien lanean oinarrituz, Errenazimenduak ekarri zituen eta ondoren Europan egin zen artearen alderdi askoren oinarriak ezarri zituzten arte aldaketen ikuspegia eskainiko du.

   Erakusketa apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izango da. Donatelloren San Jorgeren, Ghibertiren Paradisuko Ateen erliebeen, Verrocchioren Dabiden, Donatelloren eta Luca della Robbiaren Kantorien edo Michelangeloren Moisesen berreginak dira erakusten diren lanetako batzuk. Paradisuko Ateen erliebeak, Donatelloren Kantoria, Niccolo da Uzzanoren erretratua eta Lore sortadun Dama, aldi baterako erakusketa honetarako Eskultura Museo Nazionalak lagatako lanak dira.

   Erakusketak, Duomoko Operaren Museoa, Bargelloko Museo Nazionala, Kapera Medizeoak edo Louvreko Museoa bezalako erakundeetan banatuta dauden artelanen 21 berregin biltzen ditu.