Bilboko Berreginen Museoak "Zeusen Aldare Nagusiko Frisoa" berriztatu du

Berrizturiko piezaren atal bat
Bilboko Berreginen Museoa
Actualizado: jueves, 22 septiembre 2011 15:13

BILBO, 22 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Bilboko Berreginen Museoak "Zeusen Aldare Nagusiko Frisoko" bi panelak zaharberritu ditu. Bi pieza horien konponketa, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ondareko Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko teknikariek burutu dute. Artelanak museoaren esku daude ia museoa sortu zen unetik, 1931n eta 1933an erosi baitzitzaizkien Berlingo museoei.

Museoko arduradunek adierazi dutenez, "Zeusen Aldare Nagusiko Frisoko" bi panelak museoko pieza esanguratsuenetakoak eta bertako bildumako Greziako artearen adibide onenetakoak dira. Jatorrizko lana K.a. II. mendean Pergamoko (Turkia) akropolian eraikitako tenplu batean zegoen, eta gaur egun Berlingo Pergamoko Museoan dago erakusgai.

"Zeusen Aldare Nagusiko Frisoa" ehun metro baino gehiago da luze, eta bi metro eta 30 zentimetroko altuera du. Hasiera batean tenpluko oinaldearen gainean zegoen. Bertan Gigantomakiaren -jainkoen eta erraldoien arteko borroka- mitoa irudikatzen zen, Atenasko Partenoian zenbait mende lehenago jada irudikatutako gaia.

Zaharberritutako lana frisoko bi panelek osatzen dute, jatorrizko multzoaren ekialdekoak eta, Zeus jainkoa eta bere alaba Atenea jainkosa irudikatzen dituzte, hurrenez hurren, erraldoien kontra borrokan. Berriztatze prozesua lau fasetan burutu da: piezaren azterketa, garbiketako katak, garbiketa eta berrezarpen fisikoa.

Piezaren azterketa, frisoen egoera orokor ona erakutsi zuen argazki dokumentazio zorrotzean eta aurretik egindako berriztatze lanen azterketan oinarritu da. Garbiketa katak zikinkeria motak baieztatzeko eta bereizteko burutu da, eta baita disolbagarri bat baino gehiago probatzeko eta garbiketa fasean jarduteko modurik hoberena erabakitzeko ere. Etapa horretan, zenbait ukitu, betelan eta polikromia aztarna zeudela ikusi da, eta behar bezala konpondu dira.

Prozesuaren azken fasean kendu egin dira egoera txarrean zeuden ukituak eta berreraikuntzak, eta haien ordez elementu berriak jarri dira. Kalte gehien zuen panela Atenea jainkosaren eta Alzioneo erraldoiaren arteko borroka erakusten duena zen.