Bilboko-Bizkaiaren Fan Zone eremuak pantaila erraldoia izango du Munduko Saskibaloi Txapelketako partidak ikusteko

Actualizado: viernes, 29 agosto 2014 14:23

BILBAO, 29 Ago. (EUROPA PRESS) -

Larunbatean ateak irekiko dituen Areatzako kaian kokatu den Bilbao-Bizkaiaren Fan Zone eremuak, pantaila erraldoia partidak ikusteko eta informazio turistikoa eta Euskadiko paisaiekin egindako fotokroma bat eskainiko dituen 'stand' puzgarri erraldoi bat izango ditu.

Bertan jarritako pantaila erraldoian irailaren 4ra arteko FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Txapelketako partida guztiak zuzenean eta irekian ikusi ahal izango dira. Era berean, Jazzy Jeff DJaren emanaldia izango da ostiralean Areatzako pasealekuan. 'El Príncipe de Bel Air' telesaian agertzeagatik ezaguna den hau hip hoparen aitzindarietako bat da eta hiru Grammy sari irabazi ditu.

Era berean, Bilboko Areatzan ezarritako 8.700 m2-ko espazioan saskibaloiko jokalekuak, hirukoen eta gaitasunen txapelketak, norgehiagokak, musika emanaldiak eta guztientzako jarduerak egongo dira.

Bilboko Udalak ostiralean jakinarazi duenez, Bilbao-Bizkaia Fan Zone eremuaren helburua "Munduko Saskibaloi Txapelketa kalean ere jokatzea eta hiritar guztiek parte hartu ahal izatea" da.

Eremu hau 11.00etatik 23.30era egongo da irekita, larunbatetik hasita irailaren 4ra arte. Inaugurazio-ekitaldian izango dira Bilboko alkatea den Ibon Areso, Ekonomia Sustapenerako foru diputatua den Imanol Pradales eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Saileko zuzendaria den Jon Redondo.

3X3 lehiaketak eta hirukoen eta saskibaloiarekin lotutako gaitasunen lehiaketak antolatuko ditu Bizkaiko Saskibaloi Federazioak. Azken horrek erakundeari buruzko informazioa eskaintzeko 'stand' propio bat izango du.

Egunotan Estatu Batuak, Finlandia, Turkia, Zeelanda Berria, Dominikar Errepublika eta Ukrainako selekzioen partidak ikusteko Bilbora hurbiltzen diren guztiek Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Bilbao-Bizkaia/Euskadi-Basque Country" 'stand'-a bisitatzeko aukera izango dute. Esparru horretan informazio turistikorako gune bat eta Euskadiko eszena eta paisaiekin egindako fotokroma bat jarriko dira.

'VISIT FINLANDIA'

Finlandia Bilboko saskibaloi festa honi gehitu nahi izan zaio. BEC!-en FIBA 2014 txapelketaren taldeen fasean lehiatuko den herrialdeetako bat da. 'Visit Finlandia' izenarekin, Europa iparraldeko herrialdeak 'stand' bat izango du Bilbao-Bizkaia Fan Zone eremuan, beren zaleak atenditzeko Bilbon eta Lurraldean dauden bitartean eta bide batez hiritarrei Finlandiaren erakargarritasun turistikoaren inguruko informazioa eskaintzeko. Bestalde, Bilbao Basket taldeak ere espazio propio bat izango du. Bertan bere jokalariek autografoak sinatuko dizkiete zaleei.

Musika ez da faltako Bilbao-Bizkaian egingo den munduko saskibaloi txapelketaren ospakizunean. Ostiraleko Jazzy Jeff DJaren emanaldiaz gain, datorren astelehenean, irailaren 1ean, Klaxons taldea igoko da eszenatokira. Hirukote ingelesak zale guztiak txunditzen saiatuko da indie rock soinuarekin.

Era berean, ohorezko hasierako taldea izango da Getxoko We Are Standard. Talde honen rock eta elektronika proposamenak milaka zale ditu estatu mailan. Kontzertu biak, Jazzy Jeff baita Klaxons eta We are Standard-ena ere, doakoak izango dira eta 21.00etan hasiko dira.

Bestalde, Arriaga Antzokiak argi eta soinu ikuskizun bat eskainiko du. Eraikinaren fatxadan argiztapena eta ikuste-efektuak konbinatuko dira FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Txapelketarekin erlazionaturiko irudi eta mezuekin. Ehundaka metrotatik ikusi ahalko diren ahalmen handiko izpi gurutzatuak proiektatuko dira Antzokiaren gainetik, ostiraletik irailaren 4ra, 21.30etik hasita.