Bilboko, Bizkaiko eta Erresuma Batuko enpresa sortzaileek proiektuak partekatzeko prozesu bat abiarazi dute

Actualizado: viernes, 10 enero 2014 12:41
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council (BiDC) eta British Council erakundeek prozesu bat hasi dute, BiDC kontseiluko kide diren erakundeek eta enpresek eta Erresuma Batuko haien kideek proiektu partekatuak gara ditzaten abenduaren 31ra bitartean. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, BiDC erakundearen bitartez, ekainean British Council erakundearekin sinatu zuten lankidetza hitzarmen estrategikoaren ondorioa da.

   Akordio horren ondorioz, Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Udalak, SPRIk, hiru euskal unibertsitateek (Deustu, EHU eta Modnragon), Tecnalia eta IK4 zentroek, sormenaren arloko industriei lotutako klusterrek, Guggenheim Bilbao Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak, Euskalduna Jauregiak, Alondegiak, Merkataritza Ganberak eta BECek lankidetza proiektu bat garatuko dute, gutxienez, Erresuma Batuko bazkide batekin, diseinuaren, ikus-entzunezkoen, bideojokoen, modaren eta eduki digitalen sektoreetako 200 enpresa eta erakunde baino gehiagorekin batera.

   Proiektuak hauek izan daitezke: 'joint venture' delakoak sortzea, produktuak eta zerbitzuak lankidetzan garatzea, merkataritzako aliantzak egitea, profesionalak trukatzea, tailerrak antolatzea eta abar.

   Lankidetza hau gauzatzeko, "Aim Great Britain" izeneko gunea sortu da BiDC erakundearen web orrian. Gune horretan, prozesuari buruzko informazioa aurkitu ahalko dute enpresek eta eragileek, eta bertan kargatu beharko dituzte beren proiektuak, bideo baten bitartez (bideoa minutu batekoa izan behar da, gutxienez). Horrez gainera, BiDC erakundeak idazkaritza tekniko bat sortu du erakundeko kideek Erresuma Batuan garatu beharreko ekimenei dagokienez planteatutako galderak erantzuteko.

   Proiektuak 2014ko abenduaren 31a baino lehen egin beharko dira, eta BiDC Foroak ebaluatuko ditu. Foro horrek gauzatutako proiektuen artean arrakastarik handiena lortu duten esperientziak balioetsi eta sarituko ditu.

AURREKARIRIK GABEKO EKIMENA

   Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, Andoni Aldekoa Bilboko Alkatetzako Kabineteko zuzendari ordezkariak eta Rod Pryde British Council fundazioaren Estatuko zuzendariak ostiral honetan Bilbon egin duten aurkezpena eta gero ofizialki abiarazi den ekimenak ez dauka aurrekaririk. Orain arte, Bilbo-Bizkaian ez da sekula sustatu honelako proposamenik kanpoko proiekzio ekonomikora bideratuta.

   Ekimen honetan hainbat erakunde eta enpresa daude sartuta (200 baino gehiago), ardatza sektore jakin batzuk dira (diseinua eta sormenaren arloko industriak) eta aldi jakin batean gauzatzekoa da (urte bat).

   Urtero, BiDC erakundeak herrialde bat aukeratuko du ekintza hau gauzatzeko. Lehenengoa Erresuma Batua izan da. Herrialde hori hautatzea ahalbidetu duten arrazoiak bistakoak dira: Bilbo-Bizkaiaren eta Erresuma Batuaren arteko lotura historikoak eta ekonomikoak, herrialde horrek sormenaren arloko industrien alde egiten duen apustua eta BiDC eta British Council erakundeen arteko lankidetza.

   Lankidetza horren barruan aurreikusita dago Erresuma Batua herrialde gonbidatua izatea Diseinuaren II. Nazioarteko Egunean; BiDC erakundeak antolatzen du egun hori, ekaineko azken astean. Halaber, aurtengo udazkenean, Bizkaiko sormenaren eta diseinuaren arloko industriak aurkezteko ekitaldi bat egingo da Londresen, British Councilek babestuta eta lankidetza hitzarmenaren babespean.

   Bi ekintza hauek hiru helburu dituzte: lehenengoa, Erresuma Batuan industria sortzaileen garapenaren arloan ematen ari diren esperientziak ekartzea Bilbora eta Bizkaira; bigarrena, Bilbok eta Bizkaiak sormenaren eta diseinuaren arloko industrien alde -hiriko eta lurraldeko garapen ekonomikorako eta nazioarteko proiekziorako faktore garrantzitsuak diren heinean- egiten duten apustua ezagutzera ematea Londresen; eta hirugarrena, BiDCeko kide diren erakunde eta enpresen eta Erresuma Batuan izan ditzaketen kideen arteko harremana, lankidetza eta proiektu bateratuak ahalbidetzea eta sustatzea.