BILBO 18 May. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Eskola arteko Antzerki Lehiaketaren 18. edizioko azken ekitaldia ospatuko da Arriaga Antzokiak igande honetan, maiatzaren 19an. Ekimenean hiriko 20 ikastetxetako 616 ikaslek hartu dute parte, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egindako 36 antzezlan eszenaratu dituzte.
Lehiaketaren aurtengo edizioko lan eszenikorik onenaren saria Maestra Isabel Gallego Gorria herri ikastetxeko ikasleek sortutako eta aurkeztutako "Zure osasunerako" antzezlanak jasoko du, lehiaketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dagoen lehiaketa 1992an sortutako ekimena da, umeen artean arte eszenikoak sustatzeko helburuarekin. Antzezlan hoberenek jasoko dituzten diru sariez landa, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euro jasoko dituzte, ikasturtean zehar prestatu beharreko lanetan laguntzeko.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak BilbaoEszenarekin elkarlanean diseinatu dituen programa eszenikoek, sorkuntza bultzatzeaz gain, umeen artean antzerkiarekiko zaletasuna sustatu nahi dute. Horrela, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei bereziki zuzendutako emanaldiak antolatu dira, hirian ikus-entzule horiei zuzendutako antzerki programazio egonkorra bultzatzeko asmoz.