Bilboko Euskararen Aholku Batzordeak azken urratsak eman ditu, funtzionamendu araudia onartu aurretik

Actualizado: martes, 25 abril 2017 12:33

BILBO, 25  (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak batzorde informatiborako deia egin du astearte honetan, Bilboko Euskararen Aholku Batzordearen funtzionamendurako araudiaren izapideak egiten jarraitzeko. 2016an eratu ostean, proiektuaren zirriborroa prestatzen aritu dira batzordeko kideak. Zirriborro hori alderdi politikoei aurkeztu zaie, hamar eguneko epean zuzenketak egin ditzaten. Arautegia behin behinean onartuko da maiatzaren 25eko udalbatzarrean eta horren aurretik nahitaez egin behar da urrats hau, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Araudia behin behinean onartu ondoren, bere informazio publikorako izapidea hasi eta edukia hainbat bide erabilita argitaratuko da (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, iragarki taula eta udalaren webgunea). Horrela herritarren partaidetza sustatu nahi da, interesdun diren pertsonek eta erakundeek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten.

Alegazioak egiteko epea 30 egun balioduneko izango da, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean hasita. Epe hori igarota, hurrengo udalbatzarrera eramango da, araudia behin betiko onartzeko.

Euskararen Aholku Batzordearen funtzionamendurako araudiak hitzaurrea, lau kapitulu -11na artikuluz osatuak- eta azken xedapena ditu. Euskararen Aholku Batzordearen sorreraren eta funtzionamendurako araudiaren zergatia eta zertarakoa azaltzen dira.

Bilboko Euskararen Aholku Batzordea kontsultarako eta informazioa emateko organoa da, hizkuntza politikari dagokionez Bilboko Udalaren baliozko eta legezko solaskide izango dena. Taldean lan eginez, bizitzaren arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzea du xede.

HELBURUAK

Euskarazko kulturaren kontsumoa sustatu nahi da, erabilera eta ezagutza bermatuz, baita euskaldunen komunitatea indartu ere, bertatik bertara aritzeko zein sare birtualak zabalduz eta sendotuz. Euskararen erakargarritasuna azpimarratu eta modu egokian proiektatu nahi da, "euskarak erabilera asko gordetzen dituelako eta espazio nahikoa duelako euskarara hurbiltzen diren guztiei lekua egiteko".

Euskararen Aholku Batzordeak osoko bilkurak urtean birritan egiten ditu, gutxienez. Dagoeneko hiru lan batzorde eratu dira: Euskaltegiak, Hedabideak eta Euskalgintza. Era horretan Bilboko gizarteko eremu guztietara iritsi nahi da.

Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Ekintza Planarekin (ESEP) bat etorrita egingo du lan Bilboko Euskararen Aholku Batzordeak, normalizazioa erakundeetan zein gizarte mailan lortzeko. "Gizartea modu zabalean ulertu behar da, hau da, euskaldunen errealitatea barruan duen eremutzat jota. Bilbon Plan Estrategikoaren barruan egindako proposamenak gauzatuko dira", azaldu dute.