Bilboko Euskararen Aholku Batzordeak Euskaraldiarekin bat egin du

Bilboko Euskararen Aholku Batzordea, Euskaraldiarekin
BILBOKO UDALA
Actualizado 2018/06/14 18:19:17 CET

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Bilboko Euskararen Aholku Batzordea hiriko politika, kultura eta gizarte arloko ordezkariekin bildu da ostegun honetan, Juan Mari Aburto alkatea buru zela, eta bat egin du Euskaraldia ekimenarekin. Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da, euskara kalera ateratzeko, erabilera bultzatzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoz.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, udaletxean egin den bilkuran, besteak beste, oraindik osatzen ari diren Bilboko Udaleko Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plana aztertu dute. Jarduera publikoan euskara gehiago erabiltzeko, euskara funtzionarioen artean bultzatzeko eta zerbitzu elebiduna eskaintzeko da plana. Gaur egun, udal langileen erdiek euskararen ezagupen maila handia dute, joera gaztelaniaz egitea den arren. Hortaz, plan berriaren bidez, udal langileen inplikazioa eta konpromisoa lortu nahi dira, euskara esparru guztietan erabiltzeko.

Halaber, Bilboko gazteen euskararen erabilerari eta esperientziari buruz Eusko Ikaskuntzak Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailaren laguntzarekin egindako azterlanaren emaitzak azaldu dira bileran. Datu nabarmenen artean daude gazte guztiek dakitela euskaraz, hizkuntza horretan ikasi dutela eta lotura afektiboa dutela euskararekin, baina aisialdian gaztelania erabiltzen dutela. Euskara hezkuntza sistemarekin eta eskolarekin lotzen dute gazteek, eta gizarte mailan gaztelania da nagusi.

Bestalde, gazte euskaltzaleak maila politikoan markatuta daudenaren iritzia dute, eta uste dute ez dagoela euskal sarerik eta jardueren eskaintza urria dela. Gainera, gazteek pentsatzen dute erakunde publikoek konpromiso handia dutela euskararekin, baina egunean eguneko inplikazioa falta. Hala ere, euskara jarduera ludiko sozialean erabilgarria delakoan daude.

Horrez gain, herritarrek aurreneko hitza euskaraz esateko udalak abiaturiko ekimenaren berri eman zaie Euskararen Aholku Batzordeko kideei. "Hirian ere... lehenengo berba euskaraz" kanpaina San Tomas egunean eta "Bilbao-Bilbao" bizikleta martxan jarri zen martxan.

Halaber, irailean egingo den euskaltegietako matrikulazio kanpaina bultzatzeko asmoa ere jakinarazi zaio Euskararen Aholku Batzordeari, bilbotarrak euskara ikastera edo daukaten maila hobetzera bultzatzeko, hain zuzen.

BATZORDEA

Bilboko Euskararen Aholku Batzordea kontsultarako eta informazioa emateko erakundea da, eta hizkuntza politikari dagokionez Bilboko Udalaren baliozko eta legezko solaskidea da. Taldean lan eginez, bizitzaren arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzea du xede.

Bere asmoen artean, euskarazko kulturaren kontsumoa sustatu nahi da, erabilera eta ezagutza bermatuz; euskaldunen komunitatea indartu nahi da, bertatik bertara aritzeko zein sare birtualak zabalduz eta sendotuz; euskararen erakargarritasuna azpimarratu eta modu egokian proiektatu nahi da, euskarak erabilera asko gordetzen dituelako eta espazio nahikoa duelako euskarara hurbiltzen diren guztiei lekua egiteko.

Euskararen Aholku Batzordeak gutxienez urtean birritan egiten ditu osoko bilkurak. Dagoeneko hiru lan batzorde eratu dira: Euskaltegiak, Hedabideak eta Euskararen arloan diharduten erakundeak. Era horretan Bilboko gizarteko eremu guztietara iritsi nahi da.

Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Ekintza Planarekin bat etorrita egingo du lan Bilboko Euskararen Aholku Batzordeak, normalizazioa erakundeetan zein gizarte mailan lortzeko.