Bilboko hileta zerbitzuei 7,22 puntuko balorazioa eman diete erabiltzaileek

Actualizado: viernes, 25 febrero 2011 14:45

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailaren menpe dagoen Servicios Funerarios Bilbainos sozietateak inkesta bat egin du azken urtean, eta horren arabera, zerbitzuaren erabiltzaileen gogobetetasun-maila 10etik 7,22koa da. Inkesta hildakoen senide eta hurbilekoei eta emakidadunei egin zitzaien Deustu eta Derioko hilerrietan. Inkestaren helburua da erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua hobetzea.

Inkestak 2007an hasi ziren eta orduz geroztik %10,57 igo da batez besteko gogobetetasun-maila, gehienbat azken aldian, eta inkestetan jasotako iradokizunei esker, egin diren hobekuntzengatik, Bilboko Udaletik adierazi dutenez.

Inkestatutakoak segmentatzeko honako irizpide hauek erabili dira: adina, erabilitako hilerria, bisiten maiztasuna, emandako zerbitzua eta gorpuzkien kokapena. Inkestan, lehenik eta behin, irisgarritasuna, aparkalekua, langileak, argibide-panelak, instalazioen egoera, eskuragarri dauden zerbitzuak eta garbiketa bezalako gaiei buruzko galderak egin ziren. Ondoren, zerbitzuaren ordutegia, elizkizuna eta kostua bezalako arloak aztertu ziren.

Bilboko Udalaren araber, aurten egindako inkestak, berriro ere, agerian utzi du erabiltzaileek atsegin dutela langileen adeitasuna eta arreta (8,05). Bestetik, eta oro har, egindako balorazioak positiboak izan arren, erabiltzaileek hilerrira doazen bideak eta irisgarritasuna hobetzea eskatu dute.

Pasa den irailean, Bilbao Merkatuak sozietateak Servicios Funerarios de Bilbao, S.L. merkataritza-sozietatearen kudeaketa bere gain hartu zuen, Bilbao Zerbitzuak izena hartuz. Elkartze hau Bilboko Udalak zerbitzuetako talde teknikoak integratzeko eta sortzeko onartu zuen eraginkortasun eta herstura planaren barruan kokatzen da.

Bi enpresa horiek bi helburu nagusi lortzeko elkartu ziren: alde batetik, Bilboko hileta zerbitzuen izaera juridikoa izaera juridiko publiko bilakatzea (ahalmen administratiboekin) eta bestetik, udalaren herstura plana betetzea.

Aipatutako bi erakundeen arduradun den Osasun eta Kontsumo Saila, Udalak 2006an aurkeztu zuen herstura planaren markoan horrelako ekintza bat egin duen lehena izan da.