Bilboko Historiari buruzko Sinposioa, poesia errezitaldiak eta liburu aurkezpenak, abenduan Bidebarrietan

Antonio Muñoz Molinak bere azken lana aurkeztuko du Bidebarrietan
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 27 noviembre 2014 17:08
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak abendu osoan egingo den programazio bereziarekin bukatuko du urtea. Egitarauan dozena bat jarduera izango dira, horien artean, Eusko Ikaskuntzarekin batera antolatutako Bilboko Historiari buruzko XVIII. Sinposioa -aurten arreta garai frankistan jarriko duena-, poesia errezitaldiak edota Antonio Muñoz Molina eta Dolores Redondo idazleen azken liburuen aurkezpenak.

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak prestatutako programa Dolores Redondo donostiarraren "Ofrenda a la tormenta" liburuaren aurkezpenarekin hasiko da datorren astelehenean, abenduaren 1ean. Jadanik 200.000 irakurle baino gehiago bereganatu dituen "Baztango trilogia beltza" argitalpen arrakastatsuaren amaiera da Redondoren lan berria. Ekitaldian egilea bera egongo da, eta Almudena Cacho kazetariak aurkeztuko du. Bidebarrieta Kulturgunean ohikoa denez, saioa 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

   Halaber, abenduaren 4an, Cesar Coca kazetariak Antonio Muñoz Molinaren "Como la sombra que se va" azken lana aurkeztuko du, Martin Luther Kingen hilketari buruzko eleberria, hain zuzen. Egilea gizon handi harekin liluratuta zegoenez, eta duela denbora gutxi kasu horri buruzko FBIren artxiboak zabaldu direnez, Muñoz Molinak hilketa eta hiltzailearen ihesa eta harrapaketa berregin ditu, baina, batez ere, James Earl Ray hiltzaileak Lisboan eman zituen pausoak.

   Aurkezpena 19:30ean hasiko da eta egilea bera egongo da, Bilboko irakurleekin bere eleberri berriari buruz hitz egiteko. Andrés Trapielloren "El final de Sancho Panza y otras suertes" azken lana ere aurkeztuko da abenduan, 10ean, hain zuzen ere.

BILBOKO HISTORIA

   Bestalde, beste urte batez, Bilboko Udalak Eusko Ikaskuntzarekin batera antolatzen duen Bilboko Historiari buruzko Sinposioa egingo da, dagoeneko 18. edizioa. Aurten Francoren diktaduraren garaian (1937-1977) jarriko du arreta. Abenduaren 2an eta 3an egingo den topaketa horretan hainbat ikerlari elkartuko dira, garaiko gaiei eta arazoei buruz oraindik argitaratu gabe dauden lanak azaltzeko.

   Sinposioa abenduaren 2an hasiko da, arratsaldeko 18:00etan, Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko irakasleak emango duen inaugurazio hitzaldiarekin. Hitzaldiaren izenburua "Atrocidades cometidas en Euskal Herria entre 1936 y 1945 a la luz de la legislación internacional: Claves jurídicas para una definición de genocidio en Euskadi" izango da.

   Egitaraua abenduaren 2an eta 3an egingo diren bost saiotan banatuko da, eta guztira 18 txosten aurkeztuko dira, ondoren eztabaida eta azterketa eginez. Txostenek hitzorduaren gai nagusiarekin lotutako hainbat gai landuko dituzte, hala nola nazionalkatolizismoaren urte haietan erlijioak Bilbon izan zuen eragina, No-Do bezalako komunikazio eta propaganda hedabideek egin zuten lana, frankismoaren kontrako oposizioaren jarduera edota etxebizitzaren arazoa desarrollismoaren urteetan. Txosten batek, gainera, 1942 eta 1970 artean Telefónican lan egin zuten Bilboko emakumeak gogoratuko ditu.

   Horrez gain, Bidebarrieta Kulturguneak urtea amaitu bitartean prestatu duen programazioaren barruan, poesia errezitaldiak, duela denbora gutxi hil den Ramiro Pinillari eskainitako omenaldia eta "Eztabaidak literaturarekin" ekimenaren aurtengo azken topaketa ere daude, bai eta Bilboko Udalaren ekimenez aurten egin den Miguel de Unamunori eskainitako programazio bereziaren azken ekitaldiak ere.

UNAMUNO

   Izan ere, Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldien zikloa abenduaren 19an amaituko da, Juan Carlos Sánchez Gómezek zuzendutako "Enclaves de Unamuno" dokumentalaren emanaldiarekin. Dokumentalak ibilaldi bat proposatzen du idazlearen bere azken urteak igaro zituen Salamancako txokoetatik.

   Ondoren, José Antonio Ereñok "Unamunoren harremanak bizi izan zen hiriekin" izeneko solasaldia gidatuko du. Bertan, dokumentalaren zuzendaria den Marcial Morera filologoak, La Sorbonne Unibertsitateko irakasle Colette eta Jean-Claude Rabaté irakasleek eta idazlearen biloba den Pablo Unamunok hartuko dute parte.

   Bidebarrieta Kulturgunea izen bereko liburutegiaren barruan liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusitzat dituen kulturari eskainitako gunea da.