Bilboko Ingenieritza Goi Eskola Teknikoko "Formula Student Bizkaia FSB" taldeak lehiaketarako monoplaza aurkeztu du

Actualizado: miércoles, 6 julio 2011 15:33

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

FS Bizkaia Eskolako 50 ikaslek osatzen dute "Formula Student Bizkaia FSB" taldea, eta mundu osoko 121 unibertsitateren aurka neurtuko da uztailaren 13tik 17ra bitartean Ingalaterrako Silverstone zirkuitu ezagunean, Bilboko Ingenieritza Goi Eskola Teknikoko prentsa kabinetetik jakinarazi duten modura.

Eskolako taldea Britainia Handira abiatuko da astelehenean, hilak 11, ilusioz eta itxaropenez beteta abiatu ere, proiektuaz arduratu den Charles Pinto irakasleak eta 'team leader' lana egingo duen Carlotta Arenillas irakasleak azaldu dutenez: "orain arte, Zamudion eta Zorrotzaurren Silverstoneko baldintzak errekreatuz egin ditugun probetan, talderik onenen moduko emaitzak lortu ditugu".

FS Bizkaia monoplazaren maila tekniko handi horrek ederki asko islatzen du zentroko ikasleek hartutako prestakuntzak 1-Formulako talderik handienetan lan egiteko gaitasuna ematen diela, beste aukera batzuen artean, Enrique Amezua Eskolako Zuzendariaren hitzetan.

Monoplazaren ezaugarririk azpimarragarrienen artean, arduradunek erabat eraberritutako txasisaren diseinuari egin zaizkion hobekuntzak nabarmendu dituzte, baita motorra (600 zentimetro kubikokoa), elektrizitate-sistemak (GPSa gaineratu zaio) eta dinamika ere (suspentsioa eta direkzioa egokitu dira).

Aldaketa hauei esker, ibilgailuak 180 kilometro orduko abiadura har dezake (lehiaketan baimendutako gehienezko abiadura 120 kilometro ordukoa izan arren), fidagarritasun eta segurtasun baldintza egokietan.

Proba honetarako, taldeak ikasleen artean aukeratutako lau pilotu izango ditu (hauetako bat emakumezkoa da, Juncal Gorostiza). Gainera, FS Bizkaiak beste bi pilotu ditu, Montmeló-n (Bartzelona) irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean jokatuko den "Formula Student Spain" zirkuituaren bigarren edizioan bi taldekideri lekukoa hartzeko prestatzen ari direnak. Sei ikasle hauek, prototipoa garatzeko denbora ateratzeaz gain, ikasketak eta karting zirkuituetan egindako entrenamendu gogorrak uztartu behar izan dituzte.

MONOPLAZEN DOSEINUA ETA FABRIKAZIOA

Lehiaketa honetan, ikasleek formula kategorian lehiatzeko moduko monoplaza bat diseinatu, garatu, eraiki eta pilotatzeko gai direla frogatu behar dute, kostuari, mantenimenduari eta prestazioei dagozkien benetako merkatu-baldintzen arabera.

Horrela, kostuei buruzko azterketak ibilgailuaren bideragarritasun industriala frogatu eta fabrikatzaile batek urtean 1.000 ale egin ditzakeela bermatu behar du, betiere kontsumoari, azelerazioari, egonkortasunari, frenatze sistemari eta bestelako alderdiei dagozkien baldintzarik zorrotzenak betez. Ildo horretan, proba nagusian, erresistentzia testa gainditu behar dute zirkuituari 20 itzuli eginez, eta talde gutxi batzuek baino ez dute urtero lortzen proba hau gainditzea.

Baldintza horiei jarraiki, FS Bizkaia prototipoaren osagai guztiak, proiektu zirraragarri honetan parte hartu duten Eskolako 50 ikasleek diseinatu (eta kasu askotan fabrikatu) dituzte, Ingeniaritza Mekanikoa Sailaren zuzendaritzapean.

Taldea arloka antolatutako zortzi lantalde espezializatutan banatu da: txasisa, direkzioa eta suspentsioa, transmisioa, motorra, karrozeria, kornerra, antolaketa eta, azkenik, abendurako ibilgailu elektrikoaren prototipoa prestatzeko. Hiru ikasle hauek arduratu dira lantaldeen lana koordinatzeaz: Carlota Arenillas, 'team leaderra', Industria Ingeniaritzako laugarren mailakoa; ikasgela bereko bere lankide Juncal Gorostiza, proiektuaren arduradun teknikoa izan dena; eta Sara Ortega, Telekomunikazio Ingeniaritzako laugarren mailako ikaslea, antolakeraz arduratu dena.

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak Bidebieta (Basauri), Elorrieta (Bilbo) eta Saturnino de la Peña (Sestao) Lanbide Heziketarako institutuen laguntza izan du. Kasu batzuetan, ekipamendua eta instalazioak prestatu dizkiete FS Bizkaia taldeko kideei, eta beste kasu batzuetan, osagai batzuen fabrikazioaz arduratu dira zuzen-zuzenean.

Era berean, erakundeak Bizkaiko industria-ehunarekin mantentzen dituen lankidetza-harreman estuei esker, proiektuan SENER, TECNALIA, Vicinay Cadenas, Gestamp Automoción eta Automotive Intelligence Center (AIC) enpresek ere parte hartzea lortu da.

Abenduan, ibilgailu elektrikoa

Oraingo monoplaza-eredua oinarritzat hartuta, eta 2010ean aurkeztutakoaren txasisa berreskuratuz, Eskola azken ukituak ematen ari zaizkio, barne-konbustioko motorraren ordez motor elektrikoa izango duen prototipo baten fabrikazioari.

Horren haritik, FS Bizkaia taldean eratutako zortzi lantaldeetako batek ibilgailu horren garapen teknikoan jardun du bete-betean, eta Eskolako Mekanika Sailaren aurreikuspenen arabera, abendurako ibilgailua prest egon liteke, datorren urtean lehiatzeko moduan.

ESTUDENT FORMULAREN HISTORIA

1981ean, Society of Automotive Engineers delakoak (SAE) 'SEA Formula' eratu zuen, mundu osoko unibertsitateetako 140 talde ingururen ahalmenak frogatzea helburu zuen norgehiagoka. 1998an, erakustaldi bat egin zen Erresuma Batuan, eta bertan, unibertsitate amerikarretan garatutako bi ibilgailu ikasle europarrek sortutako bi ibilgailuren aurka lehiatu ziren.

Ekimenak lortutako oihartzun zabala ikusita, IMechE erakundeak (Institution of Mechanical Engineers), SAErekin eta IETrekin (Institution of Engineering & Technology) batera, Student Formula sortu zuen. Harez geroztik, lehiaketa urtero antolatu izan da, azken sei urteotan Silverstoneko zirkuituan.

FS Bizkaia taldea 2006an abiarazi zen Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Sailaren barruko proiektu berritzaile gisa. Bi urteko prestaketa eta ikerketaren ondoren, 2007/2008 denboraldian, lehenengo prototipoa amaitu zuen.

Lehen aipatutako SENER, TECNALIA, Vicinay Cadenas, Gestamp Automoción eta AIC enpresez gain, taldeak Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Euskoiker eta Euskal Herriko Unibertsitatearen sostengua izan du, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa eta bertako Ingeniaritza Mekanikoa Saila barne, baita Bidebieta (Basauri), Elorrieta (Bilbo) eta Saturnino de la Peña (Sestao) Lanbide Heziketarako institutuen eta Galarza garraioak eta Loctite enpresen laguntza ere.