Bilboko Kalealdiak eta Gasteizko Kaldeartek "Lurrak" ikuskizunerako artistak hautatzeko proba deitu dute

Actualizado: miércoles, 11 febrero 2015 12:15
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak antolatzen duen Kalealdia jaialdiak eta Gasteizko Udalak sustatzen duen Kaldearte jaialdiak "Lurrak" zirku ikuskizun bat ekoiztuko dute, eta horretarako artista taldea (antzezleak eta musikariak) aukeratzeko proba bat deitu dute bi hiriburuetan otsailaren 23, 24 eta 25ean.

   Zuzeneko musika izango duen euskal zirku garaikide gisa ulertutako "Lurrak" ikuskizuna Adrian Schavarztein clown eta zirku eta antzerki zuzendari ospetsuak zuzenduko du. Kaleko bertsioa 2016an estreinatuko da, eta Bilboko Kalealdiko edizio horretako programazioan egongo da. Urte bereko udazkenean antzokietako aretoetara ere helduko da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

   Artistak hautatzeko proba otsailaren 23, 24 eta 25ean egingo da Bilbon (antzezleentzat) eta Gasteizen (musikarientzat). Aukeraketan parte hartu ahal izateko, interesatuta dauden pertsonek euren curriculuma bidali beharko dute aurretik lurrakantzerkia@gmail.com posta elektronikora, eta bertan, proiektu eszeniko horretan parte hartzeko duten prestutasuna adierazi. Horrela, hautagaien aurreaukeraketa bat egingo da, eta aukeratutakoei proba nagusian parte hartzeko egun eta ordu zehatza jakinaraziko zaie.

   Bere arduradunen arabera, proiektu eszenikoak diziplina anitzetako zirku artistak behar ditu, zirkuko teknika bat baino gehiago menperatzen dutenak, baita iraupen luzeko proiektuari aurre egiteko prestakuntza fisikoa eta mentala duten musikariak ere. Hori dela eta, objektuen manipulazioa eta akrobazia (lurrekoa, eskuz eskurakoa, kontortsioa) menperatzen dituzten zirkuko artistak bilatzen dira.

   Musikari dagokionez, ikuskizunak euskal soinuetan adituak diren musikariak bilatzen ditu, musika tresna tradizionalak eta modernoak jotzen dituztenak, musikak konposatzeko eta idazteko gai direnak, ikuskizunaren beharren arabera. Dantza edo kantua (a capella) dira ikuskizunerako interesgarriak izan daitezkeen beste diziplina batzuk.

ADRIAN SCHVARZSTEIN

   Adrian Schvarzstein ikuskizunaren zuzendariari dagokionez, clown, antzezle eta zirku eta antzerkiko zuzendaria da, eta 1989tik ari da antzerkiaren alorrean. Commedia Dell'Arte izenekoan ikasi zuen Antonio Favarekin, Italian, baina bere antzerki munduko prestakuntza Europa osoan jaso du. Europan hainbat kaleko antzerki konpainiatan aritu izan da lanean, eta ikus antzerkitik, operatik, musika barrokotik eta publizitatetik ere igaro da.

   Biran jarraitzen duen "Klezmer" zirku ikuskizunaren bultzatzaile nagusia da, eta Belgikako Ronaldo zirkuan ere hartu du parte "Fili" eta "Brick a Barack" lanekin. Bakarka egin zuen lehenengo sorkuntza lana "Greenman" izan zen, eta haren ondoren "The bed", 1998ko Haifako jaialdiko antzezle hoberenaren saria, eta protagonista nagusia ikus-entzuleak diren "Dans" kaleko ikuskizuna etorri ziren. Kamchatka taldea sortu eta zuzentzen du.