Bilboko Kontsulatuaren 500. urteurrena ospatzen duen erakusketa aurkeztu du Bizkaiko Aldundiak

Bilboko Kontsulatuaren bosgarren mendeurrena ospatzeko erakusketa zabalik da
Foto: Bizkaiko Foru Aldundia
Actualizado: martes, 10 enero 2012 19:00

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Kontsulatuaren 500. urteurrena ospatzen duen erakusketa aurkeztu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak, Josune Ariztondo Kultura diputatua buru dela. Ondare aretoan otsailaren 28ra arte izango den erakusketan, dokumentuak, marrazkiak, planoak eta zenbait objektu izango dira bosgarren mendeurrena ospatzen duen erakundearen historia jasotzeko. Erakusketa astelehenetik ostiralera ikus daiteke, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara.

   Kontsulatuak funts ugari ditu, 25.000tik gora katalogatuta. Bada, erakusketan 106 elementu izango dira: horietako 41 planoak, mapak eta marrazkiak dira, bost koadroak eta gainerakoak beira-arasetan erakusteko dokumentuak, gehienak lehenengo aldiz erakutsiko zaizkionak jendeari.

   Dokumentuen zati handiena Foru Agiritegiko funtsekoak dira, eta horiekin batera norbanakoek lagatakoak erakutsiko dira, hala nola Jose Maria Arriola, Jose Maria Hormaza, Astarloa Liburudenda eta Sancho el Sabio Fundazioa edo Foru Liburutegia bezalako kultur erakunde garrantzitsuak.

   Halaber, objektu batzuk ere ikusi ahal izango dira erakusketan, besteak beste, hauteskundeetan erabilitako botoak biltzeko hautestontzia, Euskal Museotik ekarrita, eta pastelekin edo akuarelarekin pintatutako Bilbo historikoaren eszenak, Arte Eder Museoak, Sociedad Bilbaina sozietateak edo Bilboko Euskal Museoak lagata.

   Kartografiak erakusketa aretoko eremu handia hartzen du. Alde horretan, XVI. mendetik XVIII. mendera arteko mapak ikusiko dira, hau da, Kontsulatua abian zegoen garaikoak.

   Erakusketa honekin eta Euskal Museoak eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak egindako erakusketekin amaitutzat ematen da Bilboko Kontsulatuaren V. mendeurrena eta Bilboko Merkataritza Ganberaren 125. urteurrena ospatzeko antolatu diren erakusketen trilogia.

   Bilboko Kontsultatua 1511. urtean sortu zen eta berak arautu zuen hiriko merkataritza-jarduera guztia. Merkataritzari lotutako guztiaz arduratzen zen, baita Bilboko portuko lanez eta Nerbioi ibaiaren inguruan sortzen ziren gatazkez ere. Jurisdikzio zibil arruntetik bereizita zegoen auzitegia zen.

   Erakusketako objektu garrantzitsuenen artean 1511. urtean Kontsulatua sortu zenean dekretuz agindu ziren lau ordenantza daude, eskuz idatzitakoak eta Foru Aldundiak berariaz zaharberritu dituenak. 1737. urteko "Ordenantza Berriak" ere badaude, Kontsulatuak goieneko unea bizi zuen garaikoak; ordenantza hauetan garai hartako merkataritza-zuzenbidea jasotzen da eta, gainera, Espainiako Merkataritza Kodea eratzeko eredu gisa hartu ziren.

   Merkataritza-liburuak, kanbio-letrak, aseguru-polizak eta nabigazio-kartak erakusketako beste objektu garrantzitsu batzuk dira; Bilboko Kontsultatuak izan zuen merkataritza-jarduera bizia islatzen dute.