Bilboko kontsumitzailearen informaziorako udal bulegoak 5.119 kontsulta izan zituen 2010ean

Actualizado: martes, 4 enero 2011 18:23

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalaren Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoak 5.119 kontsulta izapidetu zituen 2010. urtean, 2009an baino %11,15 gehiago alegia, urte horretan 4.588 kontsulta bildu baitzituen guztira. Bukatu berri den urtean erantzundako kontsulta guztien artean, 1.024 posta elektronikoaren bidez egin ziren, hots, kontsulta guztien %20.

Iaz, 1.431 erreklamazio izapidetu ziren guztira, 2009an izandako 1.304 erreklamazioen aldean, gehikuntza %10,97koa izan delarik. Hauexek dira erreklamazio gehien bildu duten sektoreak: telefonia (%43), aire-garraioa (%8), bermeei buruzkoa (%6), konponketa-tailerrak (%4), bidaia-agentziak (%3), arropa eta oinetakoak (%2,5), bankuak (%2) eta aseguruak (%1,8).

Bilboko Udaletik adierazi dutenez, izapidetutako erreklamazioen emaitzei dagokienez, bulegoak %46 kontsumitzaileen aldekoak izatea lortu zuen bitartekaritzari esker, eta telefoniaren kasuan portzentaje hori %60 ingurukoa izan da. Bestalde, 2010eko erreklamazioen %15 posta elektronikoaren bidez erregistratu ziren; 2009an bitarteko honen bidez erreklamazioen %10 izapidetu zirela gogoan izanda, argi dago erabiltzaileek gero eta gehiago ezagutu eta erabiltzen dituztela teknologia berriak.

Indarrean dagoen kalitate-arauaz ziurtatutako Zerbitzu-Gutun batek bulegoak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak biltzen ditu. Ildo horretan, kontsumoa hiru ikuspuntutatik landu ohi da: kontsumo arduratsua, kontsumo iraunkorra eta kontsumo solidarioa.

KONTSUMO ARDURATSUA

Bestalde, kontsumitzailearen informaziorako udal bulegoak kontsumitzaileei zuzendutako dekalogoa landu du ostiralean hasiko den merkealdiari begira, senezko erosle arduratsuak bihurtarazteko asmoz.

Horrela, ematen dituen gomendien artean dasude erosi aurretik ondo baloratu benetan behar ote den eta gogoan izan kontsumismorik gabeko aisialdia ere badagoela. Merkealdian arestian salgai zeuden produktuak salerosi ahal izango direla soil-soilik gogoratu du, eta prezioa arestian zutena baino txikiagoa izango dela.

Merkealdiko prezioak bi eratara finka daitezke: beherapena portzentuala denean, aurreko prezioa eta prezio merketua azalduz, eta produktu-talde oso bati dagokion beherapenen kasuan, nahikoa izango da aplikatu beharreko portzentajea azaltzea, merketu gabeko prezioa ere begibistan dagoela.

Gainera, beherapena produktuen prezioei aplikatuko zaiela eta ez kalitateari edo bermeari azpimarratu du. Txartel bidezko ordainketa onartzen dela azaltzen duen ikurra baldin badago, merkealdietan ere saltokiak ontzat jo beharko du ordainketa-mota hau, baldin eta merkealdi garaian salbuetsita dagoela espreski eta ikusteko moduan azaltzen ez bada.

Halaber, merkatariak ez daude behartuta akatsik gabeko salgaiak itzultzera, baina urte osoan saltokiak honelako itzulketak onartzen baditu, merkealdietan ere ontzat jo beharko ditu, baldin eta espreski eta ikusteko moduan kontrakorik ez azaltzen ez bada. Itzulketak onartzekotan, gomendagarria da galdetzea dirua itzultzea nahi ote den, beste produktu baten truk aldatzea edota ondorengo gatazkak ekiditeko moduko erosketa-txartelen truk.

Erostea, elkarrizketa eta gardentasuna oinarri dituen merkataritza-trukaketarako harremana da, eta ondorioz, behar-beharrezkoa da erosketa-tiketa eskatzea arazorik sortzen baldin bada, eta are publizitate-orriak gordetzea.Azkenik, kontsumoko arbitraje-sistemari atxikita dauden saltokien alde egitea da kontsumo alorreko gatazkak konpontzeko biderik errazena.