Bilboko Koral Elkarteko Haur Korua, Leioako Kantika Korala eta Gernikako Gaudeamus Korala, elkarrekin larunbatean Bilbon

Publicado: viernes, 15 diciembre 2017 18:06

BILBO, 15 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Koral Elkarteko Haur Korukok, Leioako Kantika Koraleko eta Gernikako Gaudeamus Koraleko ahotsek egingo dute bat berriz ere Bilboko Euskalduna Jauregiko agertokian. Zortzigarren urtez jarraian antolatu den "Gabonetako kontzertu nagusia" larunbatean izango da, abenduaren 16an, "haurrentzat eta haurren eskutik". Kontzertua Bizkaiko Foru Aldundiak eta la Caixaren Obra Sozialak lagundu dute.

Aurkezpenean azaldu dutenez, kontzertua hasteko, A. Snyderren "Amani", L. Cohenen "Hallelujah", R. L. Hughen "Clear Water", R. E. Schramen "Sing We All Noel", J. Rutterren "The Colors of Christmas" eta J. Elberdinen "Bidetik datoz" interpretatuko dituzte Bilboko Koral Elkarteko ahots gazteenek, Anus Cividian pianistak lagunduta.

Jarraian, Jose Luis Ormazabal talde bilbotarraren zuzendariak Basilio Astulez Leioako Kantika Koralaren zuzendariari emango dio makila, eta, Itziar Barredo pianistarekin eta Ander Lekue perkusionistarekin batera, Leioako abesbatzak ondoko obrak interpretatuko ditu: M. Smileyk moldatutako "Bring me Little water, Silvy", E. Esenvaldsen "Spring, the sweet spring", E. Podgaitsen "Benedictus", X. Sarasolaren "Identity", J. Felicianoren "Feliz Navidad", E. Laschkevitzek editatutako "Samba Lelê" eta Beyonceren "Single Ladies".

Ondoren, Gernikako Gaudeamus Koralak, Julia Foruriaren zuzendaritzapean, gabon kantak abestuko ditu: "El Tamborilero" eta "Carol of the bells", J. Elberdinek harmonizatuta; Handelen "Hallelujah" obraren M. Warren eta M. O. Jacksonen bertsioa. Doinu tradizionalak ere interpretatuko ditu, hala nola A. Werinen "Suo-gân" sehaska-kantaren R. E. Scharamen moldaketa eta I. Gonzalez eta U. Sorazuren "Neguaren Baita".

Jon Artetxe piano jotzailea, Xabier Gabiola tronpeta jotzailea eta Irati Zabala eta Nerea Quincoces perkusionistak izango ditu lagun taula gainean Gernikako taldeak.

Emanaldia amaitzeko, hiru abesbatzek elkarrekin abestuko dute Juan Tony Guzmanek moldatutako "Cantemos a María". Sarrerak eskuragai daude leihatila fisikoan eta birtualean (https://www.euskalduna.eus/eventos/gabonetako-soinuak-2017/), 5 eta 15 euro artean.