Bilboko Portuak bisita didaktikoak eskainiko ditu 8-14 urteko ikasleentzat

BIlboko Portua
Foto: BILBOKO PORTUKO AGINTARITZA
Actualizado: miércoles, 15 enero 2014 13:36

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Portuko Agintaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleentzako bisita didaktikoen programa bati ekingo dio, portuko jardueren historia nahiz gaur egungo errealitatearen berri emateko eta portua inguruarekin lotzeko.

   Bisitak -euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira- doakoak izango dira, eta 8 eta 14 urte arteko ikasleei zuzenduta egongo dira. Egunero egingo dira, astelehenetik ostiralera, eskola egutegian, eta ordutegi malgua izango dute, ikastetxe bakoitzaren beharretara egokitzeko.

   Portuko Agintaritzak aurreikusi du "Ezagutu Portua" programak urtero 2.500 ikasle erakarriko dituela portura. Joan-etorriak errazago egiteko, Portuko Agintaritzak doako autobus bat jarriko die ikastetxeei bertara joateko eta handik itzultzeko.

   Ikasgelan lantzen dituzten gaitasunen programan sartuko da jarduera. Horrenbestez, ikasleek zeregin aktiboa izango dute eta material ludiko-didaktikoa edukiko dute, portuari lotutako objektuak ere barne, irakasleekin batera lan egiteko bisitaren aurretik eta ondoren, kontzeptu eta ideia nagusiak indartzeko.

   Arlo hauek landuko dituzte, besteak beste: historia eta geografia (Bilboko itsasadarraren eta portuaren historia), ontzi motak (tipologia eta ontzien zatiak), itsas garraioa (garraiobideak, itsas zirkulazioa, lanbide historikoak eta gaur egungoak) eta energia eta ingurumena (energia berriztagarriak, neurketa tresnak, ingurumen neurriak).

   Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakariarentzat, "Bilboko Portuak garrantzi ekonomiko eta sozial handia du, baina herritar askok ez dute ezagutzen". "Hori dela eta, programa didaktiko honi ekin nahi diogu lehenengo Santurtziko eta Zierbenako ikasleekin, han egiten baitugu gure jarduera gehiena, bai eta Euskadiko gainerako ikasleekin ere", gaineratu du.

   Ekimen honekin bat egin nahi duten ikastetxeek mezu elektronikoa bidali behar dute ezagutuportua@bilbaoport.es helbidera. Programaren osagarri, bigarren fasea ere izango da, udaberrian, eta asteburuetan helduei ere zabalduko zaizkie Bilboko Portuko ateak.

   Portuko jarduerak 9.000 enplegu mantentzen ditu, eta Euskadiko BPGaren %1 eta Bizkaikoaren %2 sortzen du. Portuko Agintaritzak sartzen duen euro bakoitzak, Euskadiko BPGan 10 euro sortzen laguntzen du, merkantziak garraiatzeko jardueren ondorioz.