Bilboko Termibus berregituratu eta 6.000 metro koadro handitzea proposatu du EHUn egindako lan batek

Actualizado: miércoles, 2 septiembre 2015 13:25

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Ander Tena Mesak (Bilbo, 1992) gradu amaierako "Proyecto de soterramiento de la nueva estación de autobuses de Bilbao" lana egin du eta Ingeniaritza Zibileko Gradua lortu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan. Ingeniariaren proiektuak 6.000 metro koadro handitzen du Termibus geltokiaren eremua, hau da, gaur egun 8.000 metro koadro ditu, eta proiektuan 14.000 proposatzen dira. Proiektuaren arabera, geltokia lurperatzeko eta egituratzeko lanek 8.202.025 euroko kostua dute.

   Ander Tenaren proposamenak konponbidea ematen dio Termibusek orain hartzen duen lur zatian lurpeko geltoki intermodal bat eraikitzeko zailtasunari. Proiektuak, besteak beste, lineaz kanpoko autobusetarako 28 dartsena ezartzen ditu, Bizkaibuseko eta Bilbobuseko geltokiak geltokiaren kanpoaldean kokatzen ditu eta zerbitzuen eskaintza hobetzen du (17 taxi geltoki, saltokiak eta txartelak hartzeko edo saltzeko zerbitzua). Gainera, geltokia lurpetik konektatzen du Renferekin eta Metro Bilbaorekin.

   Era berean, autobusei buruzko berehalako informazioa emateko azken teknologia ezartzea eta eremua libre utzi eta parke bat diseinatzea aurreikusten du. Horren guztiaren helburua da etorkizuneko geltoki intermodala erabiliko dutenen beharrizanei erantzutea eta geltokiaren ahalmena areagotzea.

   Termibusen aldi baterako geltokia 1996an sortu zen, Garellanoko futbol zelai zaharrean. Orduan, hiriko hainbat puntutako autobusen linea erregularrak hartu zituen, zerbitzu zentralizatu, eskuragarri eta homogeneoa emate aldera. Orduz geroztik, Bilbo eta hango ingurua asko aldatu da, eta, beraz, beharrezkoa da estatuko eta nazioarteko autobusak irten eta iristeko zentrala berregituratzea.

   Ander Tenaren gradu amaierako lanean, 126.000 metro kubikoko hondeaketa egiteko aukera jasotzen da. Horrekin, garaiera bikoitzeko soto bat eraiki nahi da, bederatzi metroko sakonera eta 14.000 metro koadroko azalera izango dituena. Geltokiko lurperatze eta berregituratze lanak egiteko aurrekontua 8.202.025 eurokoa da. Aurrekontu horri, bestalde, beste lan batzuk gehitu behar zaizkio, besteak beste, argindar hartuneak jartzea, itxiturak egitea, saneamendu sistema ezartzea edo akaberak jartzea.

   Geltokiak oinezkoentzako bi sarbide izango ditu: bata nagusia, Gurtubay kalekoa, eta bestea zerbitzuetarakoa, Luis Briñas kalekoa. Halaber, berriz egokituko da lurpeko geltokiaren eta San Mameseko geltoki intermodalaren arteko gaur egungo lotura. Autobusak, berriz, Pérez Galdós kaletik sartu eta aterako dira.

GLORIETA MODUKO ZUTABEA

   Geltokia zutabe nagusi baten inguruan dago diseinatuta; zutabe hori glorieta modukoa izango da, eta hor kokatuko dira 28 dartsenak. Horien artean lasaiera nahikoa egongo da zirkulazioa eta autobusen biraketak errazteko eta zutabeen arteko interferentziak saihesteko. Zehazki, egitura metalikoa eta hormigoizko egitura konbinatzen ditu; geltokiaren ardatzarekiko erradialki kokatutako habe batzuk izango lituzke, eta horiek hormigoizko zutabe nagusi batean bermatuko lirateke, aterki moduan. Era berean, habeekiko zeharka jarritako portiko batzuk horien oinarri eta indargarri izango dira, hutsarteei aurre egiteko.

   Ander Tena Ingeniaritza Zibileko gradu amaierako lanaren egilearen hitzetan, "Termibus lurperatu eta goialdean libre geldituko den eremuan parke bat jarriko litzateke, Bilbokoek eta hango bisitariek erabil eta goza dezaten; horrela, beste erakargarri bat izango luke Bilbok, eta ondo komunikatutako hiri moderno bihurtuko litzateke".

   Ander Tena Mesak (Bilbo, 1992) "Proyecto de soterramiento de la nueva estación de autobuses de Bilbao" gradu amaierako lana egin du EHUko Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan, eta Arkaitz Garcia Larrañaga Ingeniaritza Mekanikoan irakasleak zuzendu du. Ander Tenak Ingeniaritza Zibila gradua lortu du.