Bilboko Udal Liburutegien Sareak 50etik gora jarduera antolatu ditu urteko azken hiruhilekorako

Actualizado: martes, 30 septiembre 2014 12:32
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udal Liburutegien Sareak familia osoari zuzendutako jardueren programa osatua diseinatu du urteko azken hiruhilekorako. Eskaintza horretan 50etik gora proposamen bildu dira, tailerren, hitzaldien, erakusketen eta ipuin kontalarien saioen artean, irakurketara bultzatzeko, literaturarekin lotutako esperientziak partekatzeko eta, orokorrean, liburutegien alderdi ludikoenaz gozatzeko.

   Bilboko Udalak jakinarazi duenez, egitaraua asteazken honetan, urriaren 1ean, hasiko da, bi erakusketarekin: urriaren 18ra arte Begoñako liburutegian ikusi ahal izango den "Bidaiarien Txokoa. Brasil", eta abenduaren 31ra arte Bidebarrietako liburutegian ikusgai egongo den eta idazle bilbotarraren lan poetikoa biltzen duen "Unamuno poeta unibertsala" erakusketa.

   Bilboko Udal Liburutegien Sareak "irmo" jarraitzen du batez ere umeei eta gazteei zuzendutako jarduerekin, eta ipuin kontalarien eta txotxongiloen ikuskizunak antolatu ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, bai eta mota guztietako jarduerak proposatzen dituzten tailerrak ere, komikiak, ogia edo Halloween eta Gabonetako jaietarako apaingarriak egiten ikasteko.

   Horrez gain, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta antolatu duen euskarazko Parrapean I. Komiki Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago. Lanak urriaren 15etik azaroaren 15era bitartean bidali ahal dira Begoñako liburutegira. Interesatuta dauden pertsonek bertan kontsultatu ditzakete lehiaketaren oinarri osoak, bai eta www.bilbao.net/blogs/bibliotekak webgunean ere.

HELDUAK

   Helduei zuzendutako jarduerei dagokienez, abenduaren 31ra arte Bidebarrietako liburutegian zabalik egongo den "Unamuno: poeta unibertsala" erakusketa da hitzordu interesgarrienetakoa, Miguel de Unamuno idazle eta filosofo bilbotarra jaio zenetik 150 urte igaro direnean.

   Halaber, egitarauaren barruan azpimarragarria da "Abusu auzoaren historia" erakutsiko duen argazkien proiekzioa, abenduaren 2tik aurrera, Ibaialdeko liburutegian, zine forum saioak ahaztu barik.

   Literaturaren inguruan dituzten esperientziak partekatzeko interesa duten pertsonei dagokienez, Bilboko Udal Liburutegien Sareak bi tailer antolatu ditu. Bat idazketari buruzko "Bost zentzumenekin idatzi" da, azaroaren 12an, San Inazioko liburutegian, eta Bidebarrietako liburutegian, berriz, euskarazko literatur tailerraren edizio berria egingo da, azaroaren 13an hasi eta, hilabeteko aldizkakotasunarekin, ekainaren 11ra bitartean (beharrezkoa izango da hilabete lehenago izena ematea).

   Ohikoa denez, zenbait gairi buruzko hainbat hitzaldi ere izango dira, horien artean, Liburutegien Egunaren inguruan urriaren 24an Bidebarrietako liburutegian egingo den "Miren Agur Meabe eta Arantza Urretabizkaiaren liburutegiak" izenekoa. Jarduera guztiak doakoak izango dira.

   Bilboko Udal Liburutegien Sarea 16 bibliotekak osatzen dute, eta bertan, hainbat euskarritan (liburu, aldizkari, bideo, CD-ROM edo DVD) dauden 400.000 ale baino gehiagoz osatutako bilduma dago hiritar guztien esku, gaikako alor guztiak bilduz eta etengabe eguneratuz. Halaber, zentro horiek Interneterako konexioak eta wifi guneak dituzte.