Bilboko Udala hiriko soinu estrategia lantzen ari da

Actualizado: viernes, 11 marzo 2016 15:17

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udala hiriko soinu estrategia definitzeko eta zabaltzeko prozesuan lanean ari da. Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotziak adierazi duenez, "soinu estrategiak, parte hartzeko planteamendu integralaren eta malguaren bidez, soinu bizikidetzarako espazio bihurtu nahi du Bilbo".

   Soinu estrategiak hainbat alderdi aztertuko ditu, kutsadura akustikoaz haratagokoak. Bilboko Udalak zenbait urte daramatza eginkizun horretan, Udal Ordenantza aplikatuta eta zaraten mapa estrategikoak eta ekintza planak gauzatuta. Betearazpen eta administrazio mailako ekintzak sartuko dira estrategian, eta guztiek ere herritarren partaidetza handia izango dute, garatu ahal izateko.

   Testuinguru honetan, Bilboko Udala aurreneko kontsulta egiten ari da herritarren artean, hiriko alde guztietako sentsibilitateei buruzko informazioa biltzeko. Kontsulta publiko horrekin, abiaburuko datuak eskuratu nahi dira, hiriaren egoera akustikoa diagnostikatzeko eta baliabideak identifikatzeko, estrategia inklusiboa abiatze aldera. Bilboko Udalak iragarri du ezinbestekoa dela herritarren partaidetza, hiriko eta auzoetako soinu errealitateari buruz Ingurumen Sailak duen informazioa alderatzeko eta balioztatzeko.

   Parte hartze birtualeko eta presentzialeko bost ekintza aurreikusteen dira soinu estrategia lantzeko beharko den urtebetean egiteko. Hartara, martxoan kontsulta egingo zaie herritarrei lotura honen bidez: http://city.createlli.com/eu/bilboentzun-bilbaoescucha. Lehenengo kontsulta honetarako epea apirilaren 11n amaituko da. Hurrengo bileretara joanda parte hartu nahi dutenek euren kontaktua utz dezakete kontsulta amaitzean.

   Bilboko soinu estrategia garatzeko eta abian jartzeko laguntza teknikoa Tecnalia zentro teknologikoak eta Ekoiure (ingurumenean eta hirigintzan adituak diren abokatuak) eta ph+ Urbanismo Ciudadano (herritarren partaidetzan, arkitekturan, diseinu urbanoan eta berrikuntzan espezializatua) enpresek osatutako diziplina askoko taldeak koordinatua da.