Bilboko Udalak 1.400 plaza eskainiko ditu umeen aisialdiko Aste Santuko programetan

Actualizado: jueves, 4 febrero 2016 13:17

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak 1.400 plaza aurkeztu ditu umeen aisialdiko Aste Santuko oporretako egitarauan. Gazteria eta Kirol Sailak proposatzen dituen jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, aisialdiko ekintzak egiten diren bitartean hezkuntza ez formala lantzeko espazioa eskainiz. Programa horien bidez, alde batetik, Bilboko Udalak familia eta lana bateratzea bultzatzen du eta, bestetik, umeei aukera ematen die gaitasun eta jolas berriak ezagutzeko eta euren inguruko beste ume batzuekin harremanak egiteko.

   Modu honetan, Bilboko Udaleko Gazteria Sailak Guneberri, Kideberri eta Zientzia Zoroa programen agenda berria diseinatu du Bilbon erroldatutako gaztetxoentzat. Hiru programen artean, 505 plaza eskainiko dira.

   Guneberri programak 240 plaza eskainiko ditu 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat, eta Kideberri programak 105 9 eta 11 urte bitartekoentzat. Bi programen ardatza eguraldi atmosferikoa izango da, eta hainbat gauza ezezagun landuko dira: eguraldia, klima, fenomeno atmosferikoak, zelan eragiten duten hezetasunak edo eguzkiak, zelan sortzen diren tantak edo elurra, ostadarrak, edo zertarako balio duten haize orratzek eta anemometroek.

   Espazio horiek zabalik izango dira martxoaren 29tik apirilaren 1era, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Deustu, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Zazpi Kaleak, Irala eta Zorrotzako udal zentroetan. Izena emateko 16 euro ordaindu beharko dira, edo 5,35 Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek.

   Zientzia Zoroa programak 160 plaza eskainiko ditu, 40 plaza eguneko. 10,70 euro ordaindu beharko dira eta 8 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat da. Lantegi horietan esperimentazio zientifikoa landuko da oinarri kimiko, fisiko, geologiko eta biologikoekin. Eguneroko elementuak erabiliko dira eta egun bakarra aukeratu beharko da: martxoaren 29, 30 eta 31 edo apirilaren 1, 16:30etik 19:30era bitartean, Basurtuko udal zentroan.

   Guneberri, Kideberri eta Zientzia Zoroa programetan izena emateko epea ostiral honetatik otsailaren 10era bitartean izango da, eta www.bilbao.eus webgunean, informazioko udal telefonoan (010 / 944 010 010) eta Bilbao Click bulego elektronikoetan (udal zentroetan eta San Agustin eraikinean) egin daiteke. Zozketa publikoa otsailaren 12an egingo da, eta otsailaren 15tik aurrera emaitzak kontsultatu ahal izango dira izena eman den leku berberetan.

BILBAO KIROLAK

   Bestalde, Bilbao Kirolak erakundeak kiroletako aisialdiko programa bat landuko du. "Primerako Aste Santua kirola eginez" izenburupean, 6 eta 13 urte bitarteko umeek kirol modalitate desberdinak praktikatuko dituzte, hala nola badmintona, saskibaloia, eskubaloia, areto futbola, areto hockeya, uretako jolasak eta aretoko jolasak, martxoaren 21, 22, 23, 29, 30 eta 31n eta apirilaren 1ean, 09:00etatik 14:00etara. Izena emateko epea otsailaren 16an hasiko da Bilbao Kirolak erakundeko abonatuentzat eta otsailaren 18an abonatu ez direnentzat.

   Izapideak www.bilbaokirolak.com webgunean eta kiroldegietako makinetan egin ahal izango dira. Bilbao Kirolak erakundeko abonatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte eguneko eta abonatu ez direnek 12 euro eguneko. Plaza egun baterako, egun batzuetarako edo egun guztietarako erreserba daiteke.

   Plazak honela banatuko dira udal kiroldegietan: San Ignazion 405, Deustun 210 plaza eta Txurdinagan 300 plaza. Bilbao Kirolak erakundeak, dibertsitate funtzionala kontuan hartuta, 42 plaza gordeko ditu (sei plaza eguneko) San Ignazioko kiroldegian. Interesdunek Kirol Egokituaren Federaziora deitu beharko dute (94 441 31 81) izena emateko.