Bilboko Udalak 1.400dik gora plaza eskainiko ditu Aste Santuko umeentzako aisialdiko programetan

Actualizado: viernes, 24 febrero 2017 13:34

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak 1.400 plaza baino gehiago eskainiko ditu umeen aisialdirako Aste Santuko oporretako egitarauan. Gazteria eta Kirol Sailak proposatzen dituen jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, aisialdiko ekintzak egiten diren bitartean hezkuntza ez formala lantzeko espazioa eskainiz.

Horrela, Guneberri, Kideberri eta Zientzia Zoroa programen bitartez, alde batetik, Bilboko Udalak familia eta lana bateragarri egin ahal izatea bultzatu nahi da, eta, bestetik, umeei aukera eman gaitasun eta jolas berriak ezagutzeko eta euren inguruko beste ume batzuekin harremanak egiteko.

Guneberri programa 5-8 urteko umeentzat da, eta Kideberri 9-11 urtekoentzat. Edizio honetan, Live in Bilbao izango da programen ardatz nagusia, eta haur eta gaztetxoek bizi duten Bilbon murgiltzea izango da helburua, bizikidetza, ingurua eta herritarren inguruko interesa piztuz.

Espazio horiek zabalik izango dira apirilaren 18tik 21era, 10:00etatik 13:00etara, Deustu, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Zazpi Kaleak, Irala eta Zorrotzako udal zentroetan. Gainera, Sanchez Marcos ikastetxea ere zabalik egongo da.

Izena emateko epea otsailaren 27an bukatuko da. www.bilbao.eus webgunean, 010 / 944 010 010 telefonoetan edo udal zentroetan eta San Agustin eraikinean dauden Bilbao Click bulego elektronikoetan egin daiteke. 16 euro ordaindu beharko dira (5,35 Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek). Plazak banatzeko zozketa publikoa martxoaren 1ean egingo da, eta hurrengo egunean kontsultatu ahal izango dira emaitzak, izena eman den leku berberetan.

ZIENTZIA ZOROA

Bestalde, Zientzia Zoroa programa 8-11 urtekoentzat da eta parte hartzeko 10,70 euro ordaindu beharko dira. Tailer horietan esperimentazio zientifikoa landuko da oinarri kimiko, fisiko, geologiko eta biologikoekin. Eguneroko elementuak erabiliko dira, esaterako, limoia edo aluminiozko papera. Edizio honetan, parte hartzaileek joko zientifiko propioa egingo dute eta argiaren misterioei buruzko ikuskizun zientifiko batekin gozatuko dute.

Programa apirilaren 18an, 19an eta 20an egingo da, 16:30etik 19:30era, Basurtuko udal zentroan. Parte hartu nahi dutenek egun bakarra aukeratu beharko dute, eta izen ematea martxoaren 9tik 14ra bitartean izango da.

Jendeak izena eman ahala banatuko dira plazak, eskaintzen diren 120ak amaitu arte. Gero, gainerako pertsonak itxaron zerrendan geratuko dira nahi duten egunerako, plaza hutsen bat geratzen bada. Kasu horretan, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Saileko Umeen Gaietarako Zerbitzuak interesdunekin jarriko da harremanetan, martxoaren 27an hasita.