Bilboko Udalak 218 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa onartu du

Bilboko udaletxea
Europa Press
Actualizado: miércoles, 26 julio 2017 13:10

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak 2017rako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) onartu du asteazken honetan egindako bileran, 218 lanpostu betetzeko. Gotzone Sagardui Alkatetza, Kontratazio eta Giza Baliabideen Saileko zinegotziak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) tokiko administrazio guztien artean, foru diputazioak barne, lanpostu gehien eskaini dituen eskaintza da. Era berean, gogoratu du gutxienez hamar urte direla Bilboko Udalak ez duela abian jarri neurri honetako eskaintzarik.

Langileen artean izandako aldaketak eta premiak aztertzeko udal sailek "elkarlanean, adostasuna lortuta eta taldean eta sakon lan eginda" jardun dute eta, horren ondorioz, bete beharreko plazak onartu dira. Eskaintza publiko honen bidez, udal egitura orekatu nahi da, azken ekitaldietako murrizketen ostean.

"Lan poltsa handi hau Bilbon ateratzea oso albiste ona da, bai udalarentzat, bai huri osoarentzat, langile berriak ekartzea delako, administrazio modernoa eta garai berrietara egokitua lortzeko. Pixkanaka eta modu orekatuan gero eta gazteagoak izango diren langileek hutsik dauden lanpostuak bete eta XXI. mendeko erronkei egingo diete aurre", azaldu du.

Horrez gain, LEP berriaren helburuetako bat Bilboko Udalaren bitartekotasun tasa gutxitzea dela jakinarazi du, "kalitatezko enplegu publiko finkoa eskainita".

LEP asteazken honetako Gobernu Batzordearen bileran onartu ondoren, azterketen deialdiak zehazteko egutegiak prestatuko dira, gutxieneko epeetan, azkar eta erabateko segurtasun juridikokoarekin betetzeko.

PLAZAKA

Proposatutako 218 lanpostuetatik 15 (%7) desgaitasunen bat duten pertsonentzat dira. Guztira, hauek dira atera diren lanpostuak: 25 plaza udaltzain izateko eta 10 suhiltzaile izateko; administrazio orokorreko teknikarien 23 plaza, administrazio orokorreko laguntzaileen 65, menpekoen 30, gizarte langileen 17, delineatzaileen 6, industria maisu edo teknikari espezialistaren 3, ofizioetako ofizialaren bat, arkitektoaren 6, ingeniariaren 3, arkitekto teknikoaren 6, ingeniari teknikoaren 3, ekonomialariaren 2, albaitariaren 2 eta Albaitari laguntzailearena bat.

Halaber, laborategiko teknikariaren, hiri higieneko teknikariaren, kalitateko teknikariaren, garapenerako lankidetzako teknikariaren, liburutegi laguntzaileko, gizarte eta kulturako suspertzailearen, genero indarkeriako teknikari bitartekariaren eta obretako ikuskatzailearen plaza bana, medikuaren eta erizaintzako diplomatuen bina plaza eta immigrazioko teknikarien hiru plaza eskainiko dira.

Aldi berean, irailetik aurrera 31 lanpostu beteko dira barne sustapeneko prozesuaren bidez. Gainera, une honetan, Bilboko Udala Udaltzaingoaren agente izateko 55 plazen deialdiko azterketak egiten dabil.

Neurri horiekin, Bilboko Udala "urrats sendoak" ematen ari da giza baliabide egokiz hornitzeko, aurrekontuei buruz indarrean dagoen legeak horretarako aukera ematen duen heinean, betiere, "lan finkoa eta kalitatezkoa" lortze aldera.