Bilboko Udalak 5,1 milioi euro inbertitu ditu kirol instalazioak mantentzen 2015ean eta 2016an

Ezinduentzako egokitutako aulkia Bilboko igerileku batean
BILBAO KIROLAK
Actualizado: miércoles, 17 febrero 2016 13:27

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak erakundearen bidez, urtero egiten ditu azterketak eta mantentze eta kontserbazio lanak kirol instalazioen egoera hobetzeko, zerbitzuen segurtasuna, irisgarritasuna eta kalitatea bermatzeko. Lanen eta kontserbazioaren gastuak ordaintzeko, Bilbao Kirolak erakundeak 5.158.663 euroko aurrekontua dauka 2015 eta 2016 urteen artean: iazko ekitaldian 2.270.324 euro eta aurten 2.888.339 euroko zenbatekoa ezarri da.

   Bilboko Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, 2015ean, 1.569.914 euro erabili ziren udal kiroldegietan egindako obra nagusiak ordaintzeko. Horrela, Errekaldeko instalazioetan igerilekuko hondartza iragazgaiztu da eta igerilekuaren azpiko egitura berritu zen, 315.201 euro inbertituz.

   Txurdinagan, beheko solairuan dauden komunak, aldagelak, botikina eta biltegia barrutik berritu ziren, eta epaileentzako aldagela berria, lau komun eta sei aldagela (horietako bi egokituta) egin ziren. Konponketa horrek 291.417 euroko kostua izan zuen.

   Deustuko kiroldegian lehengo estalkia kendu eta berria ipini zen (188.071 euro), eta igerilekuan aulki egokitu bat jarri zen, elbarriek igerilekua erabili ahal izateko. Hobekuntza horrek 5.000 euroko aurrekontua izan zuen. Horrela osatu zen Bilbao Kirolak erakundearen igerileku guztietan erabilera horretarako dagoen ekipamendua.

   Futbol zelaiei dagokienez, San Ignazion lehengo belarra kendu eta berria jarri zen, 186.328 euro inbertituz, eta Mallonan erabiltzen ez zen kirol espazio bat berreskuratu zen, antzinako bola-lekua, zazpinako futbol zelai berri bat egiteko (512.421 euro).

   Azkenik, Txurdinaga, San Ignazio eta Errekaldeko udal kiroldegietan jendearentzako lokalen arautegira egokitu ziren instalazioak. Horrek 71.473 euroko gastua ekarri zuen eta ebakuaziorako bideak konpondu ziren: baliza berriak jarri dira eskaileretan, barandak, seinaleak, eta abar.

   Bilbao Kirolak erakundeak eutsi egiten dio erabiltzaile guztiei kalitateko instalazioak eta azalerak eskaintzeko konpromisoari, kirola modu osasungarrian eta seguruan egiteko, eta horretarako, 2015eko aurrekontuko 700.410 euro kiroldegietan kontserbazio eta mantentze lanak egiteko erabili zen.

   Egindako lanen artean daude Artxandako frontoietako hobekuntzak eta Txurdinaga, Artxanda eta Errekaldeko kanpoko igerilekuetako kontserbazio lanak. Era berean, aurrekontuaren zati bat hauetan erabili zen: igerileku estalietako kontserbazio lanetan, instalazioen mantentze lanetan, elektrizitatean, berokuntzan, igerilekuetan, segurtasunean, lege aholkularitzan, berriztapenean eta egunero higatzen diren elementuen mantentze lan zuzengarrietan: ateetako osagarriak, komunetako ontziak, itxiturak, eta abarrak.

2016RAKO AURREKONTUA

   Bestalde, 2016. urterako aurreikuspenei dagokienez, Bilboko Udalak "modu aktiboan" lagunduko du udalaren kirol instalazioen eta zerbitzuen berrikuntzan, modernizazioan eta, batez ere, horiek egoera ona egoteko. Horretarako 2.888.339 euroko aurrekontua izango du. Zenbateko hori banatu egingo da: alde batetik, planifikatuta dauden lanetan inbertitzeko 1.629.000 euro izango dira; bestetik, kontserbazio eta mantentze lanetan sortzen diren beharrizanetarako 789.000 euro; eta, azkenik, 470.339 euro erabiliko dira kirol zerbitzuetako teknologia berrietan eta obra txikietan.

   Txurdinagako kiroldegian zenbait obra egingo dira eta 207.475 euroko gastua izango dela kalkulatu da. Alde batetik, igerileku estaliko metalezko egitura aldatuko da, eta bestetik, umeen igerilekua egokituko da eta ume txikientzako igerilekuko beira bat jarriko da. Horrela, umetxoen ontziak baldintza egokiak izango ditu tenperaturan eta giroan. Squasheko pista bietako hormak eta zoruak ere hobetu egingo dira.

   Artxandako kiroldegia hobetzeko 633.604 euro gorde dira. Fatxadako bistako adreilua konponduko da, igerilekuko eta pabiloiko estalkia iragazgaiztuko da, kirol azalera berri bat egingo da tenisa eta padela egiteko, eta frontoietako bateko zorua konponduko da.

   Errekaldeko kiroldegiari dagokionez, 250.255 euro erabiliko dira. Tenis pistako estalkia osorik konponduko da eta, aldi berean, tenis pistetako zoruak eta squash pistetako hormak eta zoruak konponduko dira. San Ignazion padel squash pista hobetuko da eta babes arina jarriko da albotik ez dadin euririk sartu; 16.868 euro gastatuko direla kalkulatu da.

   Zorrotzako kiroldegiak 71.689 euroko aurrekontua dauka estalkia, erretenak eta sarrera konpontzeko, ebakuaziorako ate bat egiteko eta, horrela, kirol askotarako pistaren edukiera handitzeko eta pabiloitik zuzenean kanpora joango den ate bat edukitzeko.

   Bilbao Kirolak erakundeak Abusun dauzkan kirol instalazioetan igerilekuko ataria konponduko da, bertako baldintza higrotermikoak hobetzeko; horretarako, barruko estaldura berria jarriko da. Era beran, frontoia osorik zarratuko da. Lan horietarako 134.943 euroko aurrekontua dago.

   Halaber, 2016an hobekuntzak egingo dira futbol zelaietan. Etxezurin (Deustu) 164.462 euro erabiliko dira jokalekua konpontzeko: belar artifizial berria jarriko da eta kirol ekipamendu berria ekarriko da.

Mallona, Artxanda, Iparralde, Errekalde, Zorrotza, Ibarsusi eta San Ignazioko zelaietan argiak hobetuko dira eta ohiko konponketak egingo dira. Guztira, 92.774 euro erabiliko dira.

   Azkenik, Bilbao Kirolak erakundearen aurrekontuetan 470.339 euro erabiliko dira kirol zerbitzuetako teknologia berrietan eta obra txikietan (klimatizazioa, berokuntza, kudeaketa energetikoa, sarbide sistemak, pintura) udalaren kirol instalazioen multzo osoan.