Bilboko Udalak 665 plaza eskainiko ditu umeentzako Gabonetako aisialdiko programetan

Actualizado: lunes, 21 noviembre 2011 14:17

BILBO, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Umeen eta Gazteen Gaietarako zerbitzuen bitartez, Gabonetako aisialdiko Gabongune, Gabonkide eta Zeu Moldatu programetan izena emateko epea zabaldu du. Programa horietarako 665 plaza daude, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.

Parte hartu nahi dutenek gaurtik azaroaren 23ra bitartean eman dezakete izena www.bilbao.net web-orriaren bidez, 010 eta 944 010 010 telefonoetara deituta deituta edo Zu Zeu! Gazteen Ekimenak Sustatzeko bulegoetara joanda. Programetan parte hartzeko ezinbestekoa da Bilbon erroldatuta egotea. Plazak banatzeko zozketa azaroaren 24an egingo da eta biharamunean jarriko dira emaitzak ikusgai. Plazarik lortzen ez dutenak itxaron-zerrendan sartuko dira.

Gabongune programa 5-8 urteko umeentzat da eta Gabonkide, berriz, 9-11 urteko neska-mutilentzat. Parte-hartzaileek abenduaren 26tik 30era bitartean jardun ahal izango dute espazio horietan, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, Begoña, Zazpi Kale, Irala, Otxarkoaga, Castaños, Deustu eta Zorrotzako barrutietako udaltegietan. Gabongune programan 240 plaza eskainiko dira eta Gabonkiden, aldiz, 105. Izena ematearen prezioa 15 eurokoa da, eta 5 eurokoa Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzat.

Edizio honetan, ondo pasatzeaz eta Gabonetan munduan dauden tradizioak ezagutzeaz gain, Lurraren bizitzari eta ekosistemak duen garrantziari buruzko gaiak jorratuko dira, 2011 Basoen Nazioarteko Urtea delako. Jarduera biak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, baina euskara izango da ohiko komunikazio-hizkuntza.

Bestalde, Zeu Moldatu programa 8-12 urteko neska-mutilentzat da eta tailer bi egingo dira: Robot Doctor (medikuntza arloko teknologia robotikoan girotua; parte-hartzaileek egindako robotek medikuari lagunduko diote gaixoak salbatzen) eta Cartoons (animazio digitala. Ikasleek istorioak asmatu eta ordenagailuetan sortuko dituzte formatu digitalean). Tailerrek Bilborock aretoan egingo dira.

Programa hau abenduaren 26tik 29ra bitartean egingo da, goizez edo arratsaldez (10:30-13:30 edo 16:30-19:30). Guztira, 320 plaza daude, 40 plaza talde bakoitzeko eta txanda bakoitzean. Inskripzioaren prezioa 5 eurokoa da.

Gabonetan egongo den aisialdiko eskaintza ezagutzera emateko 12.000 eskupaper banatu dira 5-12 urteko umeak dituzten familien postontzietan, adin-tarte horretako umeentzat baitira programok. 3.000 eskupaper ere zabaldu dira barrutietako udaltegietan.