Bilboko Udalak aurretiko hitzordurako zerbitzu berria jarri du herritarrekiko arretarako bulegoetan gestioak arintzeko

Bilboko Udalaren webgunetik eska daiteke aurretiko hitzordua
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 22 marzo 2011 11:28

BILBO, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak aurretiko hitzordua eskatzeko kanal askotariko zerbitzu berria ipini du martxan herritarren arretarako bulegoetan, gestioak arindu eta itxaronaldiak kentzeko asmoz. Gainera, zerbitzu honen erabiltzaileek beren beharrizanen araberako egunik onenak aukera dezakete.

Horrela, Bilboko Udalaren herritarren arretarako bulegoetan izapideren bat egin nahi dutenek interneten bidez eska dezakete aurretiko hitzordua (bilbao.net/citaprevia) edo "Bilbao Klik"-en bulego elektronikoetan eta 010 udal telefonoan.

Zerbitzu berri honekin gestioa egiteko hitzordurik onena aukera daiteke. Udalaren webgunearen Aurretiko Hitzorduaren sailean sartutako egutegia eta ordutegi taulari esker, denbora errealean jakin daiteke une bakoitzean erabili daitezkeen egunak eta orduak.

Bilboko Udaletik adierazi dutenez, zerbitzua gaur bertan hasiko da, bilbao.net webgunean eta "Bilbao Click" nahiz 010ean. Lehenik eta behin, aurretiko hitzordua ipiniko da udal bulegoetako zuzendariekin elkarrizketak hitzartzeko, eta barruti guztietako kontseiluen idazkariekin hitzordua eskatzeko. Uribarriko Barrutiko Udal Bulegoaren kasuan (2. Barrutia), modu esperimentalean, zerbitzua jendaurreko arretako bulegora ere zabalduko da.

Udal arloko gestioren bat egiteko zita bat hitzartu nahi duenak bere erreserba helburu horrekin jarritako kanal desberdinen bitartez bidera dezake. Horretarako, egin nahi duen gestioa edo jaso beharreko zerbitzua, kontakturako datuak eta hitzorduaren arrazoia zehaztu behar ditu.

Bilboko Udalaren Herritarrekiko Harreman Sailak gaur estreinatzen duen kanal askotariko zerbitzu berriak udal bulegoetako itxaronaldi astunak kenduko ditu, herritarren arretarako bulegoetan izapideak arintzeko aukera emanez. Izan ere, aldez aurretik ezagutu ahal izango da eskatutako gestioen helburua, eskura dauden baliabideak hobeto planifikatuz eta hobetuz.

Gainera, Bilboko Udaleko iturrien arabera, sistema honen sarrera "aurreranzko urratsa izan da, herritarren zerbitzura jarritako tresna gisa berriztapen teknologikoaren alde Bilboko Udalak egindako apustuan". "Honi esker, 360 graduko ikuspegia zabaltzen da, bilbotar guztien beharrizanak atenditzeko eta beraiei aurre egiteko aukera emanez", gaineratu dute.

Azken urteotan, Bilboko Udalak herritarrak artatzeko kanal askotariko eredu berria ezartzeko "ahalegin handia" burutu du. Horren baitan sartzen da, besteak beste, Administrazio Elektronikorako Ordenantza berria abian jartzeko neurria.

Bilboko Udalak aurrerapen teknologikoen alde egindako apustu hau herri-erakundeen eraginkortasun handiago baten bermea da. Hala, ondoz ondoko hiru aldiz udal gardentasuneko saria eman dio Transparency International fundazioak, urtero eskainitakoa. Halaber, iaz puntuaziorik onena jaso zuen tokiko "e-administrazioari buruzko I Ikerketa" delakoan, Eskubide Zibil, Ekonomiko eta Sozialen aldeko Elkarteak (ADECES) eta Internauta Elkarteak (AI) ere prestatua.