Bilboko Udalak Basurtuko bigarren haurreskola inauguratu du, 978.000 euroko inbertsioa egin ondoren

Basurtuko haurreskola berriko irudi bat
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 7 febrero 2011 14:45

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak Basurtuko bigarren haurreskola inauguratu du. Auzoaren erdi-erdian kokatuta dago, Zankoeta kaleko 1ean, Basurtu ikastetxe publikoaren aurrean, desinfekzioen udal eraikin zaharreko eskumako hegaleko beheko solairuan. Eraikin hau 1918an Ricardo Bastidak diseinatu eta inauguratutakoa da eta bertan, haurreskolaz gain, 8. Barrutiaren auzo-etxea ere badago. Inbertsioa 978.000 eurokoa izan da.

Eraikin berriak barne hartzen ditu, bere ezaugarriei dagozkien hornikuntzez kanpo, zenbait ume-gela, laguntza-gela, irakasle-gela, sukaldea, erabilera anitzeko gela eta komuna zein jantzi-gelen guneak.

Halaber, bere instalazioen artean, eraikinaren eskumako hegalaren ondoko patioa nabarmentzen da, 300 metro karratu ingurukoa, polikarbonato trinko gardenezko pergola eder batez estali dela, euria egiten duenean ere erabili ahal izateko.

Eraikitze-lanek, 2010eko apirilean hasi ziren eta hamar hilabete iraun dute, 978.000 euro kostatu izan dutelarik. Diru horretatik, eraikinaren egokitzapenerako 850.000 euro erabili dira, Bilbao 2010 Inbertsio eta Enplegu Planetik etorritakoak -Enplegu eta Toki Iraunkortasunerako Estatu Fondoak ordainduak- eta gainerako 128.000 euro kanpoko patioan egindako hobekuntzetan erabili dira eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jarri ditu.

Basurtu-Zorrotza Barrutiko haurreskola berriaren ezaugarri nagusietako bat bere etxaurre koloristan datza. Pertsona eta animalien formak iradokitzen dituzten zenbait irudik osatua, espazioak umeen munduarekin egiten du bat, estimulazioa eta irudimenerako bidea irekitzen dutelarik.

Basurtuko haurreskola berriak 42 leku ditu guztira, 0-1 urteko umeentzako bi gelatan (16 leku) eta 1-2 urte arteko umeentzako beste bi gelatan (26 leku). Gela bakoitzak dagozkion atseden eta aldagelen guneak ditu, eta baita elikagaiak prestatzeko guneak ere. Zentroak badu gainera, sukaldea, jantokia, jolas-gunea eta abar.

Haurreskola irekitzearekin eta Zorrozgoiti haurreskolaren inaugurazio berriarekin, 8. Barrutian ere, Basurtu-Zorrotzako eremuan, 2011n, 0 eta urte 1 arteko umeentzako, guztira, 84 leku berri sortu dira.

Horrela, haurreskola berri honekin, 0-1 urteko umeen heziketa-aldia hezkuntza-zentroetan edo horien inguruetan integratzeko lanarekin jarraitzen du Udalak. Kasu honetan haurreskola berria Basurtu LHIren aurrean kokatzen da, ikasleen ibilbideak errazteko eta familiei haur eta lehenengo hezkuntza era bateratuan antolatzeko; era berean lan- eta familia-bizitza bateragarriago eginez.

Basurtuko zentro honen kudeaketa Haurreskolak Partzuergoari dagokio. Gainera, une hauetan, San Inazioko haurreskola berria eraikitzen ari dira, auzoko ikastetxe publikoaren aurrean kokatuta, eta 0-1 urteko hiru gela 24 lekurekin eta beste hiru gela 1-2 urteko umeentzat, 39 leku edukiko duena.

San Inazio haurreskola abian jartzearekin, 2011-2012 ikasturterako aurreikusita, 522 leku izango luke Bilbok -2007an zeuden 331en aurrean- eta hirian eskainitako leku-kopuruak %58ko gorakada izango luke.