Bilboko Udalak bat egin du asteburuan egingo diren Alkoholismoari buruzko XVIII. Euskal Jardunaldiekin

Actualizado: jueves, 15 septiembre 2011 14:54

BILBO, 15 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak bat egin du Bilboko Cruz de Oro Alkoholiko Errehabilitatuen Elkarteko pertsona alkoholikoen eta hauen senideen autolaguntza taldeek antolatzen dituzten Alkoholismoari buruzko XVIII. Euskal Jardunaldiekin. Horrela, talde horietako kideak errehabilitatzeko eta gizarteratzeko prozesuei laguntza eman nahi die Udal bilbotarrak.

Ildo horretan, Bilboko Udalak baditu zenbait konpromiso hartuta Cruz de Oro elkartearekin, eta jardunaldiekin bat egitea eta laguntzea da horietako bat. Konpromiso hau Drogamenpekotasunei buruzko IV. Udal Planean (2011-2014)dago.

Bilboko Cruz de Oro Alkoholiko Errehabilitatuen Elkarteak antolatzen dituen Alkoholismoari buruzko XVIII. Euskal Jardunaldiak irailaren 17an eta 18an izango dira Bilboko Nervion hoteleko areto nagusian. Jardunaldiak guztientzat daude irekita, "alkoholismoa gaixotasuna den aldetik denoi dagokigun kontua da-eta", Bilboko Udaletik adierazi dutenez.

Alkoholismoa tratamendua duen eta laguntasuna eduki dezakeen gaixotasun kronikoa da, eta kasu askotan, gaixoek lehengo egoerara itzuli eta alkoholismoaren gaixotasunak kaltetutako alde bio-psikosozial guztietan errehabilitatzeko aukera izaten du. Alkoholismoaren inguruan dauden pentsamolde okerrek pertsona alkoholikoak estigmatizatzen ditu. Ondorioz, gizarteak giltzarrizko eginkizuna du errekuperazio-prozesuan. Alkoholismoa gaixotasuntzat eta, zehatzago, tratamendua duen gaixotasuntzat jotzen duen gizarte batek gaixotasuna identifikatu eta behar bezalako tratamendu goiztiarra emateko aukera errazten du.

Bilboko Cruz de Oro Alkoholiko Errehabilitatuen Elkartea 1961. urtean sortu zen. Bere helburu nagusiak, prebentzioa, gaixo alkoholikoen errehabilitazio eta gizarteratzea eta pertsona gaixo horien inguruko pertsonei eta bereziki senideei laguntza eskaintzea dira. Elkarri laguntzeko edo autolaguntzarako taldeak dira elkartearen jarduera nagusia. Talde horietan, pertsona gaixoek eta senideek premiazko duten laguntza guztia aurkitzen dute, alkoholikoek mendekotasuna gainditzeko eta senideek sufrimendua arindu eta gainditzeko.