Bilboko Udalak "Bilbao Iparra-Hegoa" sari solidarioaren laugarren deialdia egin du

"Bilbao Iparra-Hegoa" sariaren iazko irabazleak
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 22 marzo 2011 13:25

BILBO, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritartasun Sailak garapen bidean dauden herrialdeen aurrerakuntza sustatzeko edo beste herriekiko elkartasunari buruz gure gizartean kontzientzia sortzeko lan egiten duten eragile publiko zein pribatuak sarituko ditu berriz "Bilbao Iparra-Hegoa" sariaren bidez.

Aurtengo berrikuntza da Bilboko Udalak sariaren lehenengo edizioa jarri duela martxan eskola solidarioetarako modalitatean, Iparraldearen eta Hegoalderaren arteko arrakala gainditzen laguntzeko asmoz ekintzak garatzen ari diren Bilboko ikastetxeen lana saritzeko, Udal bilbotarretik adierazi dutenez.

Derrigorrezko hezkuntzako, bigarren hezkuntzako, batxilergoko edota gradu ertaineko heziketa-zikloko ikasleek egindako lankidetzarekin eta elkartasunarekin lotutako jarduerak burutzen ari diren ikastetxeak aurkeztu ahal izango dira sari berrira. Horretarako, ikastetxean azken bost urteetan bultzatutako jardueren txosten bat aurkeztu beharko dute eta horietako bat 2010-2011 ikasturtean eginda izan behar da.

Saria, ohorezko aipamenaz gain, 5.000 eurotako kopurua izango du, honela ordainduko dena: 2.500 euro ikastetxe irabazleak erabakiko duen irabazi asmorik gabeko elkarteari; 2.500 euro ikastetxe irabazleari.

Ikastetxeek Udaleko Erregistro orokorrean edo udal barrutietan aurkeztu ahal izango dituzte beren hautagaitzak, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean oinarriak argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabetetara.

Beste alde batetik, Iparra-Hegoa sari solidarioaren laugarren ediziorako beren hautagaitza aurkeztu nahi duten pertsona fisikoek, instituzio publikoek edo irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek -beti ere Udaleko Elkarteen Erregistroan erroldatuta-, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean eta handik bi hilabetetara egin dezakete Udaleko Erregistroan edo Barrutietan.

"Bilbao Iparra-Hegoa" sariak garapenerako lankidetzaren benetako esanahia ikusteko aukera eskaini nahi du iritzi publikoaren aurrean, horretarako pertsona eta entitate askok era altruistaz baina aldi berean konprometitua egiten duten lan neketsuaren aitortza erabiliz, pertsona askoren bizi-baldintzak hobetzearen alde eta beren txirotasun egoerak murriztearren.

AUKERATZEKO IRIZPIDEAK

Laugarren edizio honetako saria nork eramango duen erabakiko duen epaimahaia hamar pertsonek osatuko dute: Iñaki Azkuna alkatea eta Nekane Alonso Berdintasun, Lankidetza eta Hiritartasuna Saileko zinegotzi; udal talde politiko bakoitzeko pertsona bat, zinegotzia izan barik; Lankidetza Kontseiluko bi kide eta bi pertsona garapenerako lankidetzan eta giza eskubideen defentsa arloan ospea duten erakundeen izenean.

Mahaikideek saria ematean kontuan hartuko dituzten irizpideak honako hauek izango dira: ibilbide pertsonala eta profesionala; burututako lanaren garrantzia; xedeak lortzeko inplikazioa; sentsibilizazio-lanaren hedadura eta Bilborekiko lotura.

Sariak, Bilboko Udalak ekintza instituzional batean egingo duen aintzatespen publikoaz gain, 10.000 euroko diru-kopurua eta ohorezko aipamen bat izango ditu.

"Bilbao Iparra-Hegoa" sariari buruz informazio gehiago eskatu nahi duten pertsona edo elkarte interesatuek, Berdintasun, Lankidetza eta Herritartasun Sailera jo dezakete, 944 204 353 telefonora deituz edo eposta bat bidaliz cooperacion@ayto.bilbao.net helbidera.

Ekimen honen iazko edizioko saridunak Celia Garcia eta Manu Orozco izan ziren. Bikote honek Lepanto kafetegian burututako hainbat proiekturen bitartez, Vicente Ferrer Fundazioarekin lankidetzan jardun ohi dute Indian. Ildo honetan, bere lanak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko aldea murrizten lagundu dezake, planetako beste eremuetan dagoen errealitatea ezagutzera emanez.

2006tik, besteak beste, hurrengo alorretako proiektuei lagundu die: landa-eremuko osasuna, hezkuntza, edo gizarteak baztertutako emakumeen ahalmena handitzea. Lankidetzaren eremuan euren jardunak aurrera dirau, ingurunean sentsibilizazio-lan garrantzitsua burutuz.