Bilboko Udalak herritarren partaidetzarako duen estrategia azaldu die nazioarteko adituei

Nazioarteko adituak Bilboko Udaleko ordezkarien esanak entzuten
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 10 marzo 2016 14:11

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak Herritarren Partaidetzarako Udal Estrategia eta Hiri Antolaketako Plan Orokorra zein Auzokide Plana berrikusteko garatu diren parte hartze prozesuak aurkeztu dizkie egunotan hirian lan topaketa egiten ari den Gizarte Berrikuntzari eta Politika Publikoei buruzko Simpact europar proiektuko sona handiko adituei.

   Udal egitura deszentralizatua osatzen duten ekipamendu eta Barrutietako Kontseiluen Sarea eta aldizka udal proiektuak egiten parte hartzen duten era askotako foroak eta kontseilu sektorialak ere mintzagai izan dira udaletxean egindako topaketan, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

   Batheko (Erresuma Batua) unibertsitateak koordinatzen du Simpact proiektua, Europako Batzordearen VII. Programa Markoaren barruan. Parte hartzaileen artean daude Ikasketa Politikoen Europar Zentroa, Ikerketa Zientifiko Aplikaturako Holandar Erakundea, Garapen Espazialerako Europako Iparraldeko Zentroa eta Europa guztiko zortzi erakunde garrantzitsu, horien artean Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Sinnergiak Berrikuntza Zentroaren bidez.

   Simpact proiektu europarrak 36 hilabete irautea zenbatetsi da. Helburua, "oinarri ekonomikoen bidez gizarte berrikuntzaren inpaktua sustatzea" da. Horretarako, politika publikoek gizarte berrikuntzarentzat pizgarri eta euskarri izateko dituzten moduak aztertu behar dira.

LIBURU ZURIA

   Simpact programako nazioarteko adituek zehatz mehatz aztertu dituzte egunotan Bilbon Eusko Jaurlaritzaren Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zurian bildutako gizarte berrikuntzaren eta herritarren partaidetzaren alorretako lege arauak eta estrategiak. Bereziki interesatuta egon dira Bilboko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Estrategian eta Barrutietako Kontseiluetako funtzionamendua eta araudia berrikusteko abian jarrita dagoen partaidetza prozesuan.

   Ildo horretan, Bilboko Udaleko Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Sailak gardentasunaren eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustuari lotutako Herritarren Partaidetzarako egungo Estrategia zehaztu eta Hiri Antolaketako Plan Orokorra zein Auzokide Plana berrikusteko garatu diren parte hartze prozesuen ezaugarriak azaldu ditu.

   Simpacten Bilboko hitzorduak, Vienan egindako europar proiektu honen hasierako bileraren ondoren, hainbat erakunderen ordezkariak bildu ditu, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Txekiar Errepublikako Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioa, Poloniako Enpresa Garapenerako Agentzia, Inspiring Scotland proiektua, Devon Konterriko Gobernua (Erresuma Batua) eta Batheko (Erresuma Batua) eta Kozminskiko (Polonia) unibertsitateak tartean.