Bilboko Udalak ia 2,4 milioi euro banatuko ditu aurten diru laguntzen programan

Bilboko udaletxea
Europa Press
Actualizado: lunes, 11 enero 2016 13:07

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak diru laguntzen programa abiaraziko du astearte honetan, urtarrilaren 12an, eta 2.389.500 euro banatuko ditu, iaz baino %8 gehiago. Udal sailek irabazi asmorik gabeko erakundeen bitartez martxan jarritako jardueren "gehigarri garrantzitsua" dira laguntzok.

   Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta  Barrutien Saileko zinegotziaren esanetan, laguntza hauek "hiriko elkarteen sareak egiten duen lanaren aldeko apustu garbia eta udalak egiten dituen jarduerak indartzeko eta areagotzeko baliagarria den lanaren onarpena dira".

   Bilboko Udalak 2016ko diru laguntzetarako kopurua gehitu izanak "eragin berezia" izango du garapenerako lankidetzaren eta giza eskubideen, immigrazioaren, ingurumenaren eta berdintasunaren eta genero indarkeriarekin amaitzeko arloetan elkarteek aurkeztuko dituzten proiektuetan.

   Diru laguntzetarako eskariak aurkezteko urtarrilaren 12tik otsailaren 11ra bitartekoa izango da, egun biak barne. Eskarien tramitazioa eta dokumentazioa www.bilbao.net webgunean, Herritarren Informazio Bulegoan  eta barrutietako udaltegietan eskuratu daitezke. Informazio saioak ere egingo dira eta kontsultak egiteko telefonoa jarriko da: 010 /944 010 010.

   Laguntzak jasotzeko aukera izango dute gizarte itzulkin garrantzitsuko proiektuak garatzeko interesa duten erakundeek, udal jardueraren osagarriak eta udal sailen helburuak betetzeko lagungarriak badira: Gizarte Ekintza, Partaidetza eta Barrutiak, Kultura, Euskara, Immigrazioa, Jaiak, Hezkuntza, Berdintasuna eta genero indarkeriarekin amaitzeko arloa, Gazteria, Ingurumena, Osasuna eta Kontsumoa, eta Garapenerako Lankidetza.

   Diru laguntzen sailik handiena aurten garapenerako lankidetza eta giza eskubideen arloa izango da, 14 milioi eurorekin. Erakunde bakoitzak bere lan esparruari dagozkion diru laguntza motak zuzenean kontsulta ditzake webgunearen bitartez.

   Web orriaren bidez, eskariak aurkeztu ez eze, tramitazioa zertan den ere kontsultatu ahal izango da. Hartara, entitateek onartutako ziurtagiri elektronikoaren bidez edo Bilboko Udalaren web orrian sartzeko pasahitza erabilita, interesdunek 2016ko edo lehenagoko (2007tik aurrerakoak) eskariak zertan diren kontsultatu ahal izango dute.