Bilboko Udalak ia 350.000 euroko inbertsioa egin du Txurdinagako zubia estaltzeko

Udal ordezkariak Txurdinagako zubi berrituan
BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 17 enero 2018 13:38

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak 349.919,34 euroko inbertsioa egin du Txurdinagako zubia estaltzeko eta argi gehiago jartzeko. Txurdinaga eta Santutxu lotzen dituen zubiko espaloian baldosa berriak jarri dira, irisgarritasuna hobetzeko eta bizilagunei zerbitzu hobea emateko. Markesina ipar aldera dagoen espaloian jarri da. Obra hiru hilabetean egin da eta 2016-2019 Auzokide Planaren barruan dago.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotzi ordezkaria eta udal taldeetako ordezkariak zubira hurbildu dira asteazken honetan, egin diren hobekuntza lanak bertatik bertara ikusteko. Markesinak eguraldi txarretik babestuko ditu oinezkoak eta alboko panelak segurtasun handiagoa emango die.

Zubia Txurdinaga auzoan dago, eta Ornilla kalearen luzapenetik Enrique Ibarreta kalera doa. Ibilgailu eta oinezko ugari ibiltzen dira joan-etorrian kale horretan, Txurdinaga eta Santutxu auzoak lotzen dituelako. Gainera, Zumalakarregi etorbidean dagoenez, ez da haize-ezkutuan geratzen eta, hartara, ez du haizearen ez euriaren kontrako babesik. Markesina berriari esker, oinezkoak seguruago ibil daitezke eta babes handiagoa dute euriaren eta haizearen aurrean.

Estalkia jartzeaz gain, zubiaren babesa ere indartu da, lehendik zeuden babes barandak kendu eta babes hobeak eta seguruagoak jarrita. Argi berriak ere jarri dituzte zubian, led motakoak. Modu honetan, zubiaren segurtasuna hobetuko da eta, ondorioz, oinezkoentzako igarobide seguruagoa izango da.

Obra hiru hilabetean egin da, 349.919,34 euro inguruko inbertsioarekin. Urtearen amaieratik, Txurdinagako zubia seguruagoa eta erosoagoa da eta argi gehiago ditu. Hobekuntza horiek eragin positiboa izango dute Txurdinagako eta Santutxuko bizilagunen eguneroko bizimoduan.

Zubira egindako bisitan, Aburtok adierazi du Bilboko auzoetan inbertsioak egiten jarraitzen dutela. "Lan hauekin Txurdinaga eta Santutxu oraindik lotuago daude. Gure ardura da bizilagunen segurtasuna, bizimoduaren kalitatea eta erosotasuna. Horixe da haiek eskatzen digutena, horixe adosten dugu barrutietako kontseiluetan eta horregatik garrantzitsutzat jotzen dugu", esan du.