Bilboko Udalak "Kultura 18" txartela kaleratu du berriz

Actualizado: martes, 4 enero 2011 17:58

Aurten 18 urte betetzen duten gazteei urte osoan 18 kultura-ikuskizunetara dohainik joateko aukera emango die


BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak "Kultura 18" ekimena jarri du berriro martxan, gehienetan hain ezagunak ez diren antzerkia, dantza, opera, musika sinfonikoa edo jazza bezalako arte-adierazpenetara hurbiltzeko ekimena. Hasi berri den urtean 18 urte betetzen dituzten gazteei zuzendutako "Kultura 18" txartela da ekimenaren ardatza. Aurtengo kanpainan, iaz erabilitako "Ikuskizuna hastera doa" goiburua errepikatuko da.

Txartelari esker, 2011. urtean adin-nagusitasuna lortzen duten gazteak dohainik sartu ahal izango dira 18 kultura-ekitalditara gehienez ere. Onuradunentzat doakoa izateaz gain, "Kultura 18" txartelak badu beste abantaila bat, ikuskizun bakoitzean txartela daramanak adin mugarik gabeko lagun bat eraman dezake, eta lagun horrek txartelaren prezioaren erdia baino ez du ordainduko.

Horrela, "Kultura 18" txartela, Bilbon erroldatuta dauden eta adin-nagusitasuna lortzen duten pertsonak identifikatzen dituen agiria da. Aurreikuspenen arabera, urtean 2.500 pertsona baino gehiago egongo dira egoera horretan.

2011n 18 urte beteko duten gazteek txartel hori lortzeko egin beharko duten gauza bakarra www.kultura18.com webgunean sartzea eta eskaria betetzea izango da; beste aukera bat 010 zenbakira deituz eskatzea da, eta egun gutxi barru euren etxeetan jasoko dute, hori guztia erabat dohainik. Eskatzen den gauza bakarra Bilbon erroldaturik egotea eta 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 18 urte betetzea da.

Txartelarekin batera, gazteek bi taloitegi jasoko dituzte: batean baleak izango dituzte, bale horien ordez euren sarrerak eskuratzeko; eta bestean laguntzailearen sarrerak jasotzeko balioko duten baleak. Ikuskizun batera doan bakoitzean, gazteak egin behar duen gauza bakarra txarteldegira bere "Kultura" 18 txartelarekin eta NANarekin joatea eta bere izenarekin beteta egongo den bale horietako baten ordez bere txartela jasotzea izango da. Norbaitekin baldin badoa, bigarren balea eman beharko du, berarekin doan pertsonak erdia baino ordaindu ez dezan.

IKUSKIZUNAK

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak dioenez, gazteei zuzendutako txartel berriaren xedea, kulturaren arloan gazteek gehien atsegin dituzten adierazpenen inguruan egin diren hainbat azterlanetan ikusi denez, gazte gehienek nahiko urrun dituzten arte-adierazpenetara hurbiltzea da, antzerkira, operara, dantzara edo jazzera, beste batzuen artean.

Horrela, txartela dutenek euren esku izango duten eskaintza lau ikuskizun blokek osatuko dute. Alde batetik, arte eszenikoen baitan daude Arriaga Antzokiak eta La Fundicion aretoak antolatutako ikuskizunak, antzerki eta dantza garaikideko BAD eta Dantzaldia jaialdiak, OLBE-ABAOren opera denboraldia eta Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia.

Musikaren atalean, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) kontzertuak, Musika klasiko jaialdia eta Bilbao 700 Fundazioak programatu dituen beste zenbait kontzertu, folk musikako Musiketan zikloa, Bilbaina Jazz Club eta Udal Bandaren kontzertuak biltzen dira.

Ikus-entzunezkoen sailean, Zinebi eta Zinema Fantastikoari buruzko Fant-Festival jaialdiak eta Fas Zine-klubak programatutako filmak sartzen dira, eta arte plastiko eta ondarearen atalean, bisitak Bilboko Itsasadarra Itsas Museora eta parte-hartzea Kultura Sailak antolatutako tailerretan.

Ikuskizunen eskaintza ez dago itxita, eta beste zenbait kultura-erakunderekin sinatuko diren akordio berriei esker eskaintza hori zabaltzeko asmoa dagoela. Gazteek zein ikuskizun ikus ditzaketen jakiteko, www.kultura18.com webgunean, Ikuskizunak atalean, hileroko eskaintza ikusi ahal izango dute, denboraz antolatu ahal izateko eta gehien interesatzen zaizkien ikuskizunetara joan ahal izateko.

"Kultura 18" txartela 2011ko urtarriletik aurrera erabili ahal izango da, eta jadanik eska daiteke. Ekimen honi ahalik eta hedapen zabalena eman ahal izateko, aste honetatik aurrera, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak informazio liburuxka helaraziko die aurten adin nagusitasuna lortuko duten pertsona guztiei.

Horrez gain, informazio hau zabalduko du gazte horiek egon ohi diren lekuetan, hala nola institutuetan eta beste prestakuntza gune batzuetan, udaleko gazteguneetan edo Gazteen Informazio Bulegoan.