Bilboko Udalak ohartarazi du Kultura eta Hezkuntza Sailaren izenean doazen bi lagun maula bat egiten ari direla

Actualizado: jueves, 20 enero 2011 14:19

BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

Azken asteetan Bilboko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailaren izenean ari direla dioten bi pertsonak hiriko bi biztanlerekin harremanetan jarri direla hauteman da, Bilboko historiari buruzko lau liburuz osatutako bilduma baten zozketan sarituak izan direla jakinarazteko.

Ondoren, biztanleen etxeetara joan direnean, liburuak emateko, ustezko iruzurgileek zozketari buruzko itxurazko notarioaren akta erakutsi izan dute eta, azkenean, pertsona horri hilean 50 euro ordaintzea eskatu zaio, urtebetez, saria jaso ahal izateko.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailetik argitu dute ez dela inolako zozketarik egin, eta Kultura eta Hezkuntza Sailaren izenean ari direla dioten pertsonek ez dutela zerikusirik Sail horrekin, ezta Udaleko beste edozein sailekin ere.

Kultura eta Hezkuntza Sailak aurkeztu beharreko salaketa aurkeztu zuen atzo bertan, bere izena horretarako eskubiderik gabe erabiltzeagatik, liburuak saltzeko, dirua irabazteko asmoz.

Horrelako gertakariak behin baino gehiagotan gerta daitezkeela aurreikusiz, Kultura eta Hezkuntza Sailak ustezko iruzur horren berri eman nahi izan die bilbotarrei, eta inolako zalantzarik izanez gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko aholkatu die.