Bilboko Udalak txakurren aisialdirako guneak egokituko ditu bederatzi parketan, proba pilotu gisa

Perros
EP
Actualizado: martes, 15 febrero 2011 14:27

BILBO, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo sailaren bitartez, proiektu bat garatuko du hiriko bederatzi udal parkeetan txakurrentzako espazioak egokitzeko. Gune horietan txakurrak (arriskutsuak izan daitezkeenak ezik) aske ibiliko dira, haien jabeekin. Proiektuari esker, txakurrek aske ibiltzeko 60.000 metro koadro edukiko dituzte. Hasieran aurreikusten den ordutegia ondokoa da: azarotik maiatzera, 19:00etatik 11:00etara, eta ekainetik urrira, 20:00etatik 11:00era.

Proiektu pilotua martxoan hasiko da Miribilla, Eskurtze, Amezola, Doña Casilda, Europa, Etxebarria, Azoka (Zorrotza), Sarriko eta Ibaieder (La Peña) parkeetan. Egokitutako guneak ez dira hesiz inguratuko baina seinale informatiboak jarriko dira parke guztietan. Animalien jabeek edota laguntzaileek ordenantzan ezartzen diren neurri guztiak bete beharko dituzte, batez ere, txakurren kakak jasotzeari eta animaliak uneoro kontrolpean edukitzeari buruzkoak.

Bilboko Udala animalien jabeek, elkarteek eta herritarrek erakutsitako sentsibilitateak eta animalien beharrak orekatzen saiatu da eta horretarako bilera ezberdinak egin ditu ekainetik. Lehenik eta behin, Osasun eta Kontsumo Saileko langileek parkeak bisitatu zituzten animalien jabeen iritzia zuzenean jasotzeko eta sailarekin harremanetan jartzeko modua helarazi zieten proposamenak egin zitzaten.

Ondoren, Udalak hainbat bilera egin zituen Bilboko plataforma ezberdinetako ordezkariekin eta txakurrak dituzten jabeez osatutako taldeekin. Era berean, Herritarren Partaidetzarako arloak proposamena helarazi zien Abando, Errekalde, Uribarri, Basurto, Begoña, Ibaiondo, Deustu eta Txurdinaga barrutietako kontseiluei.

Azkenik, Osasun eta Kontsumo Sailak, Herritarren Segurtasuna eta Lanak eta Zerbitzuak arloekin batera, txakurrak aske utzi ahal izateko gunerik egokienak markatu zituen parkeetan, honako irizpide hauei jarraiki: haurrentzako jolastokietatik urrun egotea, ahal den neurrian kirol-guneetatik eta pasabideetatik urrun egotea, eta etxebizitza atarietatik urrun egotea.

Proba pilotuak sei hilabete betetzen dituenean Bilboko Udalak programaren egokitasuna aztertuko du Animalien Babeserako Elkarteekin eta parkeen erabiltzaileekin batera eta dagozkion neurriak ezarriko ditu.

Bilboko animalia eta pertsonen arteko bizikidetza bilatzeak agerian uzten ditu gai honi buruz gizarte modernoak dituen ikuspuntu ezberdinak. Askotan ikuspuntuak oso ezberdinak dira eta horiek bateratzea ez da batere erraza. Horregatik, Udalak proba pilotu bat garatzea erabaki du eragindako parte guztien onurarako.