Bilboko Udalak Txurdinagako ekobulebarraren proiektuan aurrera egin du Artazuriña kalea hobetuta

Aburto en Txurdinaga
BILBOKO UDALA
Publicado: lunes, 12 marzo 2018 15:11

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak hobekuntzak egin ditu Artazuriña kalean, irisgarriagoa eta erosoagoa izan dadin auzotar guztientzat. Horretarako, kalean behera egiten duen galtzadaren aldean espaloiak zabaldu dira eta oinezkoen pasabideak hobetu dira irisgarriagoak izateko. Altzari berriak ere ipini eta hobetu egin da kalearen estetika, segurtasun eta kalitate handiagoa eskainita.

Udalak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, "Artazuriña kalean egin dira orain aldea hobetzeko lanak, Txurdinagako ekobulebarra egiteari begira". Horregatik, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, gainerako udalkideekin batera, Txurdinaga auzoko bihotz berria izango denaren lehenengo faseko lanak bisitatu ditu astelehen honetan.

Aburto alkateak azaldu duenez, jarduketa honen bidez, bizitza "sozial, kultural eta ekonomikoa sustatu nahi da" 3. Barrutiko auzo honetan Europa parkea, oinezkoentzako pasealekuak (Artazuriña eta Arbidea), Garai lorategia, Txomin Garat eta Julian Gaiarre lotuko dituen ekobulebarra eginda.

LANEN FASEAK

Udalaren arabera, lehen faseko hobekuntza-lanak Artazuriña kalean burutu dira, zehatzago, kalean behera egiteko espaloiaren aldean. Hor espaloia zabaldu eta orain 4 metro zabal da, oinezkoen joan-etorria errazten duena. Gainera, beste aldeko espaloian zoladura berritu da.

Jarduketaren bidez espaloien eraberritze integrala ez ezik, galtzada hobetzeko asfaltatu ere egin da. Gainera, Bilboko Udalak kaleko 5 eta 6 zenbakien arteko oinezkoen pasabidea zabaldu du eta oinezkoen beste pasabideak antolatu eta bateratu egin ditu.

Beste alde batetik, oinezkoen joan-etorria hobetzeko eta segurtasuna areagotzeko jarduketaren eraginpeko aldean lehendik zeuden pasabideetan irtenguneak egin dituzte.

Era berean, Artazuriña kaleko parterreetan jarduketa bat burutu dute, Txomin Garat etorbideko atzeko aldean, hain zuzen 2tik 6ra arteko zenbakietan. Alde horretan baldosak ipini dituzte eta ertzak eta eskudelak ipini dituzte estetika hobetzeko eta segurtasuna areagotzeko. Jarduketa horretan hornidura eta saneamendu-sareak ere berritu dituzte eta espaloi bietako eta oinezkoen erdiko babesguneko argi-puntu guztietan lanparak aldatu dituzte. Orain alde hori argiztatuago dago eta, beraz, seguruagoa da. Hiri-altzari berriak ere jarri dira.

Lau hilabetean egin da obra, 636.502 euroko inbertsioa eginda. Hobetutako beste espazio bat, kalea leku irisgarriagoa, seguruagoa eta erosoagoa izan dadin bertan ibiltzeko. Helburua "Txurdinagan bulebar bat egitea da", Auzoko Bihotzak izeneko proiektu estrategikoaren bidez. Europa parkea, oinezkoentzako pasealekuak (Artazuriña eta Arbidea), Garai lorategia, Txomin Garat eta Julian Gaiarre lotuko ditu ekobulebarrak. Txurdinaga auzoko bihotzaren ardatza izango den ekobulebarra sortzeari begira egindako zehaztapenean parte hartu dute eraginpeko aldeko herritarrek.

Begoña balio historiko handiko aldea da eta hortik Artazuriña kalean zehar Txurdinaga auzorako sarbidea dago, hain zuzen, Begoñako basilikatik, Juan XXIII plazan zehar, hobekuntza-lanak eginda, "espiritu erromantiko tradizionalari eutsita", eta Santa Monika komentuaren ondotik doan bidearekin duen lotura sustatuta, Artazuriña kalearekin lotu arte.

Kale honen lehen zatia korridore bihurtu nahi izan dute, Arbidea plazarekin lotzeko espaloi zabalak eginez. Bigarren zatia askoz ere berdeagoa da, zuhaizti handi batekin plaza gisa, Europa parkeko sarbide nagusia sustatzeko. Bilboko Udalaren ustez, "lotura argia dago Otxarkoaga, Txurdinaga, Begoña eta Santutxu auzoen artean, Ornilla doktorea, Artazuriña, Pau Casals eta Julian Gaiarre kaleetatik prestatutako ibilbidetik". Proiektua lau urtean burututa egon daiteke eta oraingoa horren lehen fasea da.

AUZOKIDE PLANA 2016-2019

"Auzokide Plana" da Bilboko Udalak herritarrek parte hartzeko duen tresnarik garrantzitsuenetakoa; eta funtsezkoa da Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailaren jardunean.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko. Plan honen ondorioz, eta Udalak zehaztu duenez, 48 milioi euro inbertitzen dira lau urtean eta obrak eta hobekuntza jarduerak egin ohi dira; horiei denei Bilboko herritarrek, eragile politikoek eta sozialek ematen diete lehentasuna, barrutietako kontseiluen bidez.