Bilboko Udalak zurrumurruen aurkako estrategiari buruzko InfoBilbao berezia argitaratu du

InfoBilbao berezia
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 25 mayo 2017 14:42

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak zurrumurruen aurkako estrategiari buruzko InfoBilbao buletin berezia argitaratu du. Ekimena Basurtu, Begoña, Deustu eta Errekalde barrutietara hedatuta dago gaur egun, baina gerora, hiriko beste auzo batzuetara ere zabalduko da, etorkinei buruzko gezurrezko zurrumurru eta estereotipoak gainditu eta bizikidetza eta kultur aniztasuna herritar guztien mesedeko osagai aberasgarritzat sustatzeko asmoz.

InfoBilbao udal buletinaren argitaraldi berriak 150.000 ale banatuko ditu guztira, gehienak etxez etxe, postontzietan sartuta, eta gainontzekoak hiri osoko udal zentroetan, kiroldegietan eta liburutegietan zehar. Alea PDF formatuan ere eskura daiteke www.bilbao.eus udal webgunean.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, zurrumurruen aurkako estrategia duela bost urte jarri zuen abian, kulturartekotasunaren eta gizarte kohesioaren balioekin eta bereizkeriaren aurkako borrokarekin konprometituta dauden pertsonek eta entitateek osatutako sarea sortuz. Proiektua, pertsona guztiak barne hartuko dituen kulturarteko gizarte eredu bat garatzea xede duen Europako baterako ekimen bati atxikita dago.

Une honetan, Bilboko zurrumurruen aurkako proiektuak etorkinei buruzko estereotipo ezkorrak gainditu eta banakako nahiz taldekako jardun sozialetan jarrerak aldaraztearen alde lan egiten duten 200 eragile baino gehiago ditu, eta hauek bultzatutako informazio eta sentsibilizazio ekintzak 175.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi dira.

Berritasun gisa, zurrumurruen aurkako estrategiari buruzko InfoBilbao ale berezian, Bilboko etorkinen egiazko egoerari buruzko ezagutza maila neurtzea xede duen inkesta bat ere sartu da, gizarte laguntzak, delinkuentzia eta hirian bizi diren atzerritarren inguruko zurrumurru eta uste okerrei eusten dieten bestelako gaiak jorratuz.