Bilboko Udalaren 2011-2014 eperako Droga-menpekotasunaren aurkako Planak 90 ekintza jasotzen ditu

Actualizado: martes, 29 marzo 2011 13:57

BILBO, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak Droga-Menpekotasunaren aurkako Tokiko IV. Plana aurkeztu du gaur, Drogamenpekotasunaren Negoziatuaren bitartez. Planak, Udal bilbotarrak arlo honetan 2011-2014 epean burutuko dituen 90 ekintza jasotzen ditu.

Osasun eta Kontsumo Sailak gidatzen duen proiektu honetan Udaleko beste sail hauek ere parte hartuko dute: Kultura eta Hezkuntza, Gizarte Ekintza, Segurtasuna, Enplegua, Gazteria eta Kirola, eta Berdintasuna, Lankidetza eta Herritarrak. Horiek guztiak Sailen arteko Udal Batzorde Teknikoa osatzen dute, eta Batzorde hori arduratuko da Planean jasotzen diren ekintza guztiak koordinatzeaz eta haien jarraipena egiteaz.

Plan berria prestatzeko oinarritzat hartu dira droga-menpekotasunaren arloan Bilbon aritzen diren 23 erakunde sozialetako ordezkarien laguntzaz prestatutako diagnostikoan jasotzen diren esku-hartzeko 25 proposamenak. Prozesu hori Bilboko Udalaren Droga-menpekotasuneko Kontseilu Aholkulariaren III. Txostenean jaso zen. Era berean, Droga-Menpekotasunaren aurkako Tokiko III. Planaren Ebaluazioan ateratako ondorioak ere kontuan hartu dira.

Droga-Menpekotasunaren aurkako Tokiko IV. Planean 90 ekintza jasotzen dira, lau taldetan sailkatzen direnak: Haurtzaroa, nerabezaroa, gazteria eta helduak.

Proposatzen diren estrategia eta programa gehienak "kontinuistak" dira, azken helburua lortzeko (drogen gehiegizko erabileratik eratorritako ondorio negatiboak murriztea) "ezinbestekoa baita ahaleginak denboran eustea", Planaren aurkezpenean azaldu dutenez. Hortaz, Plan honek Udal bilbotarrak epe ertain eta luzera hartutako konpromisoa islatzen du.

HELBURUAK

Planean jasotzen diren esku-hartzeek zenbait helburu dituzte. Horrela, alde batetik, Bilboko ikastetxe guztietako 4 eta 18 urte bitarteko ikasleei prestakuntza eskaini nahi zaie osasunerako hezkuntzaren alorrean, drogak gehiegi erabiltzearekin bateragarriak ez diren ohitura eta jarrera osasuntsuak gara ditzaten.

Halaber, Bilboko gurasoei informazioa eta prestakuntza emango zaie, haien seme-alabak era osasuntsuan hezteko jarraibideak eta irizpideak ezagut ditzaten. Horrez gain, droga kontsumoa dela-eta kezkatuta dauden nerabeen familiek kontsumo horiei aurre egiteko banakako aholkularitza jasotzeko aukera izango dute.

Gainera, ezaugarri pertsonalak, familiarrak eta sozialak direla-eta drogekin lotutako arazoak izateko arrisku handiagoa duten adin txikikoak babesteko eta laguntza eskaintzeko baliabideak garatuko dira, eta haur eta nerabeekin (batez ere zaurgarrienak direnekin) harremanetan dauden bitartekari sozialei prestakuntza eskaini haien zereginetan droga-menpekotasunaren prebentzioaren ikuspuntua barnera dezaten.

Halaber, drogak -legalak edo legez kanpokoak- kontsumitzen dituzten gazteei kontsumo horrek dituen arriskuei buruzko informazioa emango zaie, erabaki arduratsuak har ditzaten, eta baliabideak eskainiko zaizkie alkoholarekin eta drogekin arazoak dituzten pertsonei gizarteratzen laguntzeko.

Horrez gain, Planak ondoren aipatzen diren helburuetara bideratutako ekintzak ere jasotzen ditu: aisialdirako alternatiba sortzaileak eskaini, adin txikikoak eta gazteak babestearen ikuspuntutik droga-menpekotasunaren arloko araudia betetzeak duen garrantzia azpimarratu, elkarteen eta auto-laguntzako taldeen lana bultzatu, boluntarioei prestakuntza eman haien kualifikazioa hobetzeko eta abar.

Azkenik, eta aurreko Planetan antzemandako beharrak kontuan hartuta, plan berri honen bitartez, Bilboko Udaleko sailen partaidetza handiagoa, pertsona edo talde zaurgarrienei zuzendutako ekintza intentsiboagoak eta droga-erabiltzaile gazteei hurbiltzeko bide berriak lortu nahi dira.