Bilboko Udaleko kirol instalazioek energiaren arloko Aenor ziurtagiria lortu dute

Actualizado: miércoles, 20 febrero 2013 13:02

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko kirol instalazio guztiek "modu eraginkorrean" kudeatzen dute energiaren horniketa eta gastua, horrela ziurtatzen baitu Aenor Espainiako Normalizazio Erakundeak Ferrovial Servicios S.A. (Ferroser) enpresari emandako ISO 50001 ziurtagiriak. Ferroser enpresa da Bilbao Kirolak erakundearen instalazioetako energiaren kudeaketa osoaren arduraduna.

Iñaki Azkuna alkateak jaso du ziurtagiria Avelino Brito Aenor-eko zuzendari nagusiaren eta Juan Ignacio Beltran Garcia-Etxaniz Ferroser-eko zuzendari nagusiaren eskutik. Ekitaldian Luz Emparanza Aenor-ek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen zuzendaria eta Ferroser-eko Kalitate, Ingurumen eta Berrikuntza saileko zuzendari Sixto Garcia ere izan dira.

Bilboko Udalaren arduradunen arabera, aitorpen horrek bermatzen du Bilbao Kirolak erakundearen instalazioek "gestio optimizatua" daukatela energia modu zuzenean erabiltzeko. Horrela, energiaren kontsumoa, horrekin lotutako kostu finantzarioak eta berotegi-efektuko gasen isurketak murriztu egin dira.

Horrela, bada, Bilboko kirol instalazioetako energiaren aurrezpena %24koa izan da. Bilbo da, beraz, bere kirol instalazio guztietako Aenor-en ISO 50001 ziurtagiri energetiko globala daukan munduko lehen hiria.

Bilboko Udalaren kirol instalazio guztiak egokitzeko ahalegin handia egin da, bikaintasuna eta erabiltzaileek instalazioak bete-betean erabiltzea bilatuz. Horrela, eta energiaren kudeaketa eraginkorrari esker, Bilboko Udalaren kirol instalazioetan eta ildo horretan egiten diren inbertsio guztiak berehalako ordain ekonomikoa daukate, "eta hori nabarmentzekoa da austeritate garai honetan".

Aenor erakundeak emandako ISO 500001 araua ezartzetik datozen onurak ingurumen, ekonomia eta alor operatibo eta irudiaren alorretan sartzen dira, eta honela laburbiltzen dira: energia aurrezten da epe laburrean, ertainean eta luzean; kontsumitutako energiaren kontzientzia eta kontrola hartzen da; energia aurrezteko neurrien kontzientzia hartzen da; eta energiaren eraginkortasunaren hobekuntzaren arloan, gizarteari ematen dion konfiantza eta segurtasuna onartzen da.