Bilboko Udaltzaingoak maiatzaren 23an hasiko du hiri-bideetan harrapaketak kontrolatzeko 2011ko bigarren kanpaina

Actualizado: viernes, 20 mayo 2011 15:51

BILBO, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaltzaingoak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Bide-Segurtasunerako Plan Estrategikoaren baitan kokatutako hiri-bideetan harrapaketak kontrolatzeko urteko bigarren kanpaina burutuko du maiatzaren 23tik 29ra bitartean. Auto-gidariek eta oinezkoek duten erantzukizunari buruz eta, batez ere, bien jokabide ausartegiak eragin ditzakeen arriskuez ohartaraztea izango da kanpainaren helburu nagusia.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, udaltzainek batez beste lau kontrol egingo dituzte egunero, bi goizez eta beste bi arratsaldez, beren kokapen edo diseinuagatik bide-segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak izan daitezkeen oinezkoen pasabideetan.

Kanpaina, trafiko arau-hausteak zelatatzera, gidariak eta oinezkoak istripu eta harrapatzeak murriztera eta zirkulazio arauak betetzera bideratuta dago. Kontzientzazioa eta ohartarazpena izango dira Bilboko Udaltzaingoak martxan jarritako kanpaina berri honen izaera eta ez zigorrak jartzearena.

Aurreko urtean burututako hiru kanpainetan 87 operazio berezi egin ziren, eta horietan 290 oinezko ohartarazi zituzten (horietako zazpi salaketa jaso zutelarik) eta hamar auto gidari salatu.

Aurten, otsailaren 21etik 27ra bitartean harrapaketak kontrolatzeko lehen kanpainan, Bilboko Udaltzaingoak 44 kontrol egin zituen. Bertan, 459 oinezko ohartarazi (horietako seik salaketa jaso zuten) eta 12 auto gidari salatu ziren.

Galtzada zeharkatzean oinezkoaren jokaera egokiak eta auto gidariaren maniobra onak eta ardura zorrotzak ezinbestekoak dira harrapaketak aurreikusteko garaian. Biek ere -oinezkoek eta gidariek- errepideko segurtasuna bermatzeko "eragile aktiboak" dira.