Bilboko Udaltzaingoaren promozio berria kalean da

Actualizado: viernes, 25 marzo 2011 18:17

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko udaltzainen promozio berria (hamalaugarrena) gaur hasi da lanean. Batez beste 24-25 urte dituzten 28 gizonezko eta sei emakumezko dira Bilboko kaleetan zerbitzua ematen hasi direnak.

Agente berriek euren prestakuntza-aldia bukatu berri dute eta urte batez kalean praktikak egingo dituzte; honen bukaeran karrerako funtzionario izendatuko dituzte. Datorren astean, agente berriak zonalde desberdinetan banatuko dira Bilbon herritarren segurtasunerako hainbat funtzio bete ditzaten, hala nola herritarren artapena polizia-etxeetan, patruilatzea eta esku-hartzeak kalean bertan, udal-ordenantzak betetzea eta abar.

Plantilla handituta, Bilboko Udaltzaingoa 850 agente inguruk osatuko dute: 787 polizia-agente eta, gainerakoak, administrazio-langileak. Emakumezkoen ordezkaritza gero eta zabalagoa da eta uniformatutako agenteen plantilla osoaren baitan, 66 emakumezkoak dira. Adinaren batez bestekoa ere jaisten ari da, eta egungo batez bestekoa 44 urte da.

Promozio berriko zortzi agente, beste polizia-zerbitzu batzuetatik etorriak, kalean ari dira lanean joan den abenduaren 20tik. 23 eta 34 urte bitarteko gazteak dira, gehienek titulazio akademiko ertaina dutenak, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetako polizia-zerbitzuetatik datoz, hala nola Sestao, Barakaldo, Leioa, Oñati, Abanto eta Zierbena edo Etxebarritik, bai eta Ertzaintzatik ere.

Agente horiek aldez aurretik ere badute esperientzia polizia gisa, eta beraz, trebakuntza-aldiaren eta praktika-aldiaren zati bat baliozkotu ahal izan dute. Udaltzaingoan sartzeko oposizioa gainditu ondoren, agente horiek, orain, Bilboko kaleetan patruilatzen dute.

2010eko martxoan lehiaketa-oposizio publikoa deitu zenetik, eta 2010eko urrian ondorengo hautapen-probak egin ostean, agenteek urtebeteko trebakuntza teorikoa (170 ordu) eta praktikoa egin dute Udaltzainen Akademian eta Ertzaintzaren Arkauteko instalazioetan.

Trebakuntza-fase horretan, kalean gauzatutako benetako praktikak ere sartu dira, armarik gabe eta agente beteranoez lagunduta egun berezietan gauzatutakoak, esate baterako, Santo Tomas egunean (2010eko abenduan).

Egun dauden arazoek osatu dute 34 hautagaien Oinarrizko Trebakuntzaren Ikastaroa, horien artean, genero-indarkeria, adin txikikoa biktima gisa edo edari alkoholdunen kontsumoa bide publikoan eta beste gai batzuk, hala nola defentsarako, komunikaziorako edo bitartekaritzarako teknikak larrialdi-egoeren edo liskarren aurrean.

Klase praktikoak honako alderdi hauetan oinarritu dira: autodefentsarako teknikak, trebetasunak, armen maneiua, araketa eta identifikazioak nola egin, ibilgailuak gidatzea eta poliziaren barne komunikazio-sistemetan (TETRA, Bilbopol eta larrialdien kudeaketarako irrati nagusia) trebatzea.