Bilbon maiztasun inhibitzaileekin egindako lapurretak hauteman dira

Actualizado: viernes, 7 agosto 2015 12:22

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Azken asteetan, Bilboko Ertzaintzak zenbait lapur hauteman ditu Bizkaiko hiriburuan, aparkatutako ibilgailuetan maiztasun inhibitzaileen bitartez lapurtzen dutenak. Inhibitzaileok ibilgailua urrutitik ixtea eragozten dute. Ertzaintzak kotxea ondo itxi dela egiaztatzea eta barruan baliozko objekturik ez uztea gomendatzen du.

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, azken asteetan gora egin du ibilgailu barruko lapurreten kopuruak Bizkaiko hiriburuan, eta lapurrek ez dute zantzurik uzten ibilgailura nola sartu diren jakiteko. Ertzaintzaren ikerketetan ondorioztatu dutenez, eman dute delitu modalitate berri bat dela, orain artean ezezaguna, zeinean maiztasun inhibitzaileak erabiltzen dira; hau da, gailu elektroniko batzuk, ibilgailuak urrutitik irekitzeko dispositibo eta giltza ia guztiek igorritako maiztasunak ezereztatzen dituztenak.

   Horrela, delitua egiteko, lehenbizi, ibilgailuak iritsi eta aparkatzeko gune egokiena aukeratzen dute lapurrek; jabea urrutiko agintearen bitartez turismoa ixtera doanean, gailu inhibitzailea aktibatzen dute. Hala, ibilgailua zabalik geratzen da, erabiltzaileak itxita dagoen uste osoa badu ere. Biktima ibilgailutik urrutiratzen denean, lapurretako bat zelatan geratzen da, eta beste batek barruko objektu baliotsuak lapurtzen ditu: motxilak, ordenagailuak, kamerak nahiz telefonoak, esaterako.

   Guggenheim Museoaren inguruetan eta gisako turismo guneetan hauteman dituzte delitugile horiek; nolanahi ere, beste delitu modalitateetan gertatu bezala, baliteke Euskadiko beste puntu batzuetara ere hedatzea.

Oraindik ez dago metodo horren bitartez egindako delituen zifra zehatz bat; izan ere, indarrik erabiltzen ez denez, delituak ez du zantzu fisikorik uzten eta biktimek ez dakite lapurrak nola sartu diren ibilgailura.

   Halako gertakariak eragozteko, Ertzaintzak ibilgailua ondo itxi dela eskuz egiaztatzea eta barruan baliozko objekturik ez uztea gomendatzen du. Era berean, susmo txikiena izanda ere Ertzaintzari deitzea aholkatzen dute.