Bilbora Sollubetik doan Bizkaibus ordu erdiro izatea eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Aldundiari

Bizkaibus unitate bat
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 3 abril 2017 14:05

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Bilbo eta Bermeo Sollubetik lotzen dituen Bizkaibus A3527 lineak zerbitzua ordu erdiro eskaintzea eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailari. Gaur egun, linea horrek orduan behin eskaintzen du zerbitzua astelehenetik larunbatera eta bi orduan behin igandeetan.

Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, herritarrek sinadura bilketa bat egin zuten linearen maiztasuna handitzeko, eta 1.749 herritarrek sinatu dute eskaeraren alde. Horrela, herritar batek eskaera hori aurkeztu du udalean, sinadurak erantsita. Horrez gain, herritar hori udal talde guztiekin egon da eta guztiek bere eskaeraren alde agertu dira.

Hortaz, "eskaera hori kontuan hartuta, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailari Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen dituen autobusak ordu erdiro zerbitzua eskaintzea eskatu diogu", Ibarrolazak adierazi duenez.

Bere hitzetan, "espero dugu Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskaera onartzea, eta ahalik eta arinen linea horretan ordu erdiko maiztasuna ezartzea, batez ere, garraio publikoaren erabiltzaile bermeotarren eskaera bat dela kontuan hartuta".

"Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta bere aldeko benetako apustua egiteko autobusen maiztasuna herritarren beharrizanetara egokitzea ezinbestekoa da, horrela zerbitzuaren kalitatea hobetuz", ziurtatu du.