Bilborekin lotutako materialen hedapenerako erabilera libreko gordailu digitala jarri da martxan

Actualizado: martes, 19 febrero 2013 12:45

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Liburutegien Sareak Bilboko Liburutegi Digitala (BLD) aurkeztu du astearte honetan. Artxibo digitalen gordailu bat da, Bilbori buruzko mota guztietako informazio digitala antolatzera, erabilera librean zabaltzera eta artatzera zuzendua, www.bilbao.net/bld webgunearen bitartez.

Ekimen horren bidez, Bilboko Udalak Europa mailan kultur materialaren digitalizazioari eta linean erabili ahal izateari eta kontserbazio digitalari buruz emandako aholkuak aplikatuko ditu, interneten eduki libreak izatearen aldeko ahalegina eginez, jabetza intelektualeko eskubideak erabat errespetatzen diren bitartean.

Bere arduradunek azaldu dutenez, Bilboko Liburutegi Digitalaren abiapuntua Bidebarrietako liburutegiko ondare bibliografikoko funtsek osatzen dute: XVI. eta XIX. mendeen arteko liburuak eta liburuxkak, gehienak bertako gaiei buruzkoak, eta Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen partiturak.

Paperezko euskarrian dauden funts horiek pixkanaka digitalizatuz joan dira 2005etik. Haien ezaugarriak direla eta (antzinakoak dira, kasu batzuetan kontserbazio egoera ez da oso ona, dokumentu bitxiak, bereziak), oso erabilera mugatua zuten, baina digitalizazioari esker guztiek erabili ahal izango dituzte. Gainera, bilduma historikoak direnez, eskubideetatik libre daude, eta gordailuan sar daitezke, erabilerarako inolako mugarik jarri gabe.

Hasierako irudi horiei guztiei -18.000 ingururi-, 60.000 gehituko zaizkie urtea amaitu aurretik, 2012. urtearen amaieran Espainiako Kultura Ministerioak urtero ematen duen diru-laguntza jaso izanari esker.

Beraz, lehenbiziko fase honetan, eta orain arte sartutako materialaren tipologia dela eta, gordailuko kontsultari onura gehien aterako diotenak ikertzaileak izango dira, batez ere. Hala ere, laster eduki horiek oso zabalak eta anitzak izan daitezke, eta jatorriz digital direnak edo ondoren digitalizatutako edozein lan jaso dezakete. Hori dela eta, gordailua gero eta interesgarriagoa izango da jende guztiarentzat.

Sortutako azpiegitura, mota guztietako objektu digitalak jasotzeko gai da, ez testu edukia duten materialak bakarrik, baita material grafikoa, ikus-entzunezkoa edo soinuzkoa ere, eta, ondorioz, mapak, planoak, kartelak, argazkiak, bideoak edo audioak jaso ahal izango ditu, besteak beste. Material horietako batzuk interneten daude jada, baina sakabanatuta, sarri askotan bilatzaileetatik ezkutatuta, eta gehienetan bizi laburra izan ohi dute. Bilboko Liburutegi Digitalak, artxibo horiek antolatzeko eta erabili ahal izateko aukera eskaintzeaz gain, erabilgarritasun hori denboran zehar etengabea izatea ere bermatuko du.

EZAUGARRIAK

Erabilitako softwarea DSpace da, mundu osoko erakundeen 800 gordailu baino gehiagotan erabiltzen den kode irekiko softwarea, alegia. Gure inguruan, software hori erabiltzen dute Eusko Jaurlaritzak -Liburuklik gordailurako-, Gipuzkoako Foru Diputazioak -Metarako- eta Antso Jakituna Fundazioak -Euskal Memoria Digitalerako-.

Bilaketak gordailua antolatu den bilduma guztietan egin daitezke -zortzi guztira- edo bestela bilduma jakin batera muga daitezke. Bilaketa laukitxoan hitz bat edo gehiago sar daitezke, eta aplikazioak aukeratuko du euren deskribapenean hitz hori edo horiek dituzten dokumentuak.

Era berean, bilaketa zehatzagoa ere egin daiteke, egilearen, izenburuaren, gaiaren eta argitalpen dataren arabera. Beste aukera bat fitxategi horietan zuzenean nabigatzea izan daiteke. Bilaketaren emaitzei dagokienez, argitalpen dataren, alfabetikoki (egilea eta izenburua) edo gordailuan sartu izan diren dataren arabera antola daitezke.

Beste alde batetik, interesatuta dauden pertsonak sisteman erregistra daitezke, posta elektronikoaren bitartez alertak jasotzeko eta liburutegi digitalean sartzen diren berrikuntzak ezagutzeko, erregistratzeko orduan sortu duten soslaiaren hobespenen arabera.

Bilboko Udal Liburutegien Sarea 16 bibliotekak osatzen dute. Hainbat euskarritan (liburuak, aldizkariak, bideoak, CD-ROM-ak, DVD-ak) 400.000 ale baino gehiagoz osatutako bilduma dute, gaikako alor guztiak bilduz eta etengabe eguneratuz. Halaber, interneterako konexioak eta wi-fi guneak dituzte.