Biodonostia hanturak Parkinsonean duen garrantzia ikertzeko proiektu batean parte hartzen ari da

Biodonostia
Foto: SPRI
Actualizado: viernes, 9 enero 2015 12:54
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Biodonostia Institutua Ciberned Gaixotasun Neuroendekatzaileen Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroko zenbait talde hanturak Parkinson gaixotasunean duen garrantzia aztertzeko mamitzen ari diren asmo handiko ikerketa proiektu batean parte hartzen ari da, SPRIk jakinarazi duenez.

   "Parkinson gaitzaren hastapena eta bilakaera: aktibazio glialaren garrantzia" deritzon proiektuan parte hartzen ari diren Cibernedeko lantaldeen artean honako hauek nabarmen daitezke: Donostia Ospitaleko Biodonostia Ikerketa Institutuko Maria Cruz Rodriguez-Oroz buru duen taldea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Carlos Matutek zuzendutako taldea, Jose Obesok Madrilgo A.C. Neurozientzietako Zentro Integralean (CINAC) zuzentzen duena, eta Manolo Rodriguezek Tenerifeko La Lagunako Unibertsitatean gidatzen duena.

   Lan honen bidez, oinarriko ikerketak eta ikerketa klinikoak egingo dira, noizbehinkako Parkinson gaitza eta LRRK2 mutazioa duten (baina mutazioaren sintomarik gabe) pazienteen fibroblastoetatik ateratako zelula pluripotente birprogramatuen kulturak aztertzeko. Era berean, parkinsonismo progresiboaren animalia eredu batzuk aztertuko dira, baita mutazioaren eroale eta paziente asintomatikoak ere, hanturaren inguruko hainbat adierazle eta alderdi hurbilketa desberdinetatik arakatzeko asmoz.

   "Proiektuko partaideok interes berezia genuen, nork bere lanaren ikuspegitik, hanturak Parkinson gaitzean duen garrantzia ikertzeko, batetik, hantura gaixotasun neuroendekatzaile askori dagokion mekanismotzat aztertzeko, eta bestetik, Parkinson gaitzaren fisiopatologia arakatu eta ulertzeko", adierazi du Maria Cruz Rodriguez-Oroz Biodonostia Institutuko gaixotasun neuroendekatzaileen zuzendari eta proiektuko ikertzaile nagusiak.